Ekialdeko Europako aldizkari anarkista baten aldeko kontzertua egingo du Udondo gaztetxeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mar. 2a, 07:27

Bihar zortzi, martxoak 10, Leioako Udondo gaztetxeak "Abolishing the Borders from Below" ("ABB") aldizkari anarkistaren aldeko kontzertua egingo du. Aldizkaria 2001ean sortu zen eta egun bihilabetekaria da. "ABB" Berlinetik argitaratzen dute Ekialdeko Europako herrialde anitzeko kolektibo libertarioek. Dagoeneko 22 zenbaki kaleratu dituzte, azkena 2005eko abenduan, Errusia, Ukrania, Lituania, Polonia, Eslovenia, Hungaria, Finladia eta Turkiako gaiak argitaratu zituztela. Baina, A-Infosek jakinarazi duenez baliteke 22. zenbaki hori azkena izatea, "ABB"k ohiko finantziazioaz gain bestelako laguntzarik jaso ezean. Bestalde, Pititakok zabaldutakoaren arabera, Leioako kontzertuan Bilboko Spandau Bullet, Txixaparrazta zarauztarrak eta Gasteizko Nada x Liberar musika taldeak arituko dira gaueko 9etatik aurrera. Txartela sarreran bertan erosi ahal izango da 3 euroen truke. Antolatzaileek garaiz iristea eta txakurrik ez eramatea eskatu dute.

Aldizkari beraren alde eta egun berean, baina arratsaldeko 4etan hitzaldia eta bideo-emanaldia antolatu dituzte Cruz Negra Anarquista taldekoek Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxean. Bertan "ABB"ko kideek aldizkariaren proiektua aurkeztu eta Errusia eta Bulgariako anarkismoaren historiak azalduko dituzte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun