Euskara desagertu da metroan banatzen diren egunkarietatik ADNren sorrerarekin batera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mar. 2a, 11:03

Atzo hasita, "ADN Bilbao" doako egunkari berria hasi da banatzen Uribe Kostako, Bilboko eta Ezkerraldeko metro eta tren geltokietan. Besteak beste, Antena 3, "La Razon", "Avui" erosi berria eta Onda Cero kontrolatzen dituen Planeta taldearen eta "Diario de Navarra"ren egunkari berriak 24 orrialdeetan zutabe erdia, etb1eko programazioa barne, baino ez dio eskaintzen euskarazko informazioari bere 2. zenbakian. Baina, okerragoa dena, gaur UKBERRI.NETek egiaztatu duenez beste doako hedabide erdaldunek utzi diote orain arte argitaratzen zuten euskarazko informazio apurra kaleratzeari eta euskara topatzeko "El Nervion"en, "Que! Bilbao"n zein "20 minutos Bilbao"n etb1 eko programazio telegrafikoa irakurri behar da. Argazkian, doako egunkari erdaldunen langile bat aleak banatzen Algortako metro geltokian.

Metro Bilbaoko geltokietan doan banatzen hasi zen lehenengoa "El Nervion" Vocento taldeko egunkaria izan zen, 2000. urtean. Horrela "El Correo Español"-ek eta horren bazkidea den BBVAk Paris, Madril eta Bartzelona bezalako merkatuetan gertatzen zen doako egunkarien inbasioaren kontrako txertoa jarri zuten.

Opus Dei

2005eko apirilean, berriz, Opus Deiren ondokoa den eta "Marca" eta "Gaceta Universitaria" argitaratzen dituen Recoletos taldearen "Que! Bilbao" heldu zen, eta 2005eko irailean Norvegiako Schibsted nazioarteko enpresak "20 minutos Bilbao" Erandio, Astrabudua, Areeta, Algorta eta Bidezabalgo geltokietan banatzen hasi zen, metroko bidaiari goiztiarrei besapean egunkari sorta utziz. "20 minutos" Creative Commons-en lizentziapean argitaratzen da eta Isabel Camacho kazetariak gidatzen du. Camacho zazpi urtez aritu zen "El Pais"en, eta lehenago hainbat hedabidetan lan egin zuen, tartean "El Mundo del Pais Vasco" egunkarian.

"La Razon" eta "Diario de Navarra"

Azkena merkaturatzen "ADN Bilbao" izan da. Estatu mailan atzo 1.010.000 ale banatu zituela iragarri du doako egunkariak, haietatik 45.000 Bizkaian eta beste 24.000 Nafarroa Garaian, bertan "Diario de Navarra"ren taldeko "Vivir Pamplona" ordezkatuz. "ADN" Planeta taldeak, "Diario de Navarra"k, "Heraldo de Aragon"ek eta Estatu espainiarreko hainbat zonaldeko prentsa taldek argitaratzen dute Editorial Pagina Ceroren bitartez. Planeta taldeak "La Razon", Antena 3, Onda Cero, "Avui", Planeta argitaletxea, Ediciones Deusto, Espasa, Seix Barral, Booket, Temas de hoy eta beste 27 argitaletxe, 8 banaketa sare, 3 ikus-entzunezko enpresa, eta CEAC zein Home English urruneko ikasketak egiteko enpresak kontrolatzen ditu.

Euskara okerrago ezin

"20 minutos" egunkariak hasieratik "El Nervion" eta "Que!" sortu zirenean bezala, edukinen %0,1a baino ez zeukan eta dauka euskaraz: etb1eko programen izenak, alegia. Egunkari guztiek hasieran berdin antzera jokatu bazuten ere, "El Nervion"ek albiste batzuk euskaraz argitaratzen zituen, batez ere Europa Press agentziatik hartuta, egunkariaren %2 eta %5 bitartean. "Que! Bilbao"k, bere aldetik, Espainiako ediziotik hartzen ditu edukin gehienak eta "Bilbao" izeneko atalean baino ez zion euskarari sarbidea ematen. Guztira, argitaratzen zituen euskarazko laburrak ez ziren heltzen egunkariaren edukinen %0,5era. Gaur, berriz, eitb1eko informazioaz gain euskarazko informazioa kaleratzen duen doako egunkari bakarra "ADN BIlbao" da: bi labur ziztrin.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun