EITBko Zuzendaritzari gutun irekia idatzio dio EHEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mar. 2a, 12:13

Euskal Herrian Euskaraz talde euskaltzalea publikoki zuzendu zaio EITBko Zuzendaritzari orain dela urte bat egindako bileran egindako eskaerei behingoz EITBk erantzuteko. EHEk bidalitako idazkian komunikazio taldea euskalduntzeko plana aldarrikatzen du eta egindako sei eskaera zehatzak berresten ditu. Erakunde euskaltzalearen aburuz "egun EITBk ez dio euskarari lehentasunezko trataerarik ematen eta ondorioz, egoera oso kezkagarriak gertatzen dira, sarritan euskaldunak baztertzeraino iristen direnak".

EHEk EITBko zuzendaritzari idatzitako gutun irekia

Iazko martxoaren hastapenetan Euskal Herrian Euskaraz erakundeko bi kide EITBko zuzendaritzako kide Julian Beloki jaunarekin bildu ginen. Bilera hura Euskal Herrian diren hedabide ezberdinekin egin genuen erronda oso batean kokatu genuen eta bertan, gure erakundeak euskarak eremu honetan bizi duen egoera kezkagarriaz egiten duen irakurketaren berri ematearekin batera, eskaera zehatzak ere aurkeztu genizkizuen, jakinik garrantzi handiko beste hainbatetan (programazioari loturikoak, euskararen herri mugimenduari eskaintzen zaion lekua...) ez ginela sartu.

Bileraren hondarrean, eskaera horiek lehenbailehen idatziz helarazteko eskatu eta egun gutxiren buruan egin behar zenuten zuzendaritza batean aztertu eta erantzun bat jasoko genuela erantzun zeniguten. Beraz, konpromiso hori hartu eta berehala jarri genuen gure idazkia zuek eztabaidatzeko bidean. Hasiera batean zain egon ginen, harturiko konpromisoa beteko zenutelakoan, baina denbora aurrera joan ahala, erantzunik jaso ez genuenez eta zuen hitza bete ez zenutenez, behin baino gehiagotan bigarren bilera bat eskatu genizuen, aurrez aurreko batean zuek hitz egin zenutenaren berri izan genezan. Urtebete geroago, ez dugu gaiaren inguruko erantzunik jaso ez eta beste bilera bat egiteko aukera izan ere. Beraz, harreman arrunt baten bidez gure kezka ezin izan dugunez azaldu, publikoki azalduko dizuegu. Hauexek ziren gure eskaerak:

Lehenik eta behin, epe luzeko helburua finkatzea ezinbestekoa da eta gure ustez, euskara hutsezko hedabide publikoak izatea da helburua. Azken helburu hori finkatu behar da, eman beharreko urratsek norabide horretan joan beharko bailukete. Iparra ongi finkatu ezean, nekez lortuko baitugu euskararen normalizazio osoa Euskal Herrian. Beraz, urratsek eta neurriek helburu estrategiko horri estuki loturik etorri behar dute. Neurri eraginkorrak eta gainera, jadanik bistakoak direnak, helburuarekiko konpromisoaren erakusle izango direnak. Helbururik gabe ez dago bidea egiterik. Gaur zein da azken helburua?

Zentzu horretan, hausnarketa bat zabaldu behar duzuela ezinbestekoa dela iruditzen zaigu. Funtsean, hedabideek jokatzen duzuen paper garrantzitsutik abiatuz, euskararen normalizazioan urrats garrantzitsuak egiteko ondorioetara iritsi beharra dago. Beraz, egun euskararen kaltetan dagoen desoreka handia aldeko norabidera eraman behar delakoan gaude. Hots, euskalduntze osorako eskaintza eta zabalpenarekiko inbertsio eta apustu sendoa egin behar da.

Hainbat egoera eta proposamen

Egun EITBk, ez dio euskarari lehentasunezko trataerarik ematen eta ondorioz, egoera oso kezkagarriak gertatzen dira, sarritan euskaldunak baztertzeraino iristen direnak. Jarraian, egoera horien berri eman eta hauen gaindipenerako gure eskaerak luzatzen dizkizuegu:

- Euskarazko kate eta emisioetan gertatzen direnen inguruan:

Lehenik, parlamentu ezberdinetako hainbat eztabaida ETB1ek emititu dituela gogorarazi behar dizuegu. Hainbat politikarik euskaraz egin arren, saio gehienak erdaraz izan ohi dira. Batzuetan (2005eko Madrilgo Kongresuko eztabaida), eztabaida osoki erdaraz emititu da. Honen inguruan, gurean bezala, beste hainbat sektoretan eta herritarren artean kezka eta haserrea sortu zen. Onartezina baita, egun dugun euskarazko telebista publikoak bere programazioan erdara hain lotsagabeki sartzea. EHEk honelako egoerak gehiago ezin direla gertatu uste du. Beraz, hemendik aurrera honelako eztabaidak (edo bestelakoak) euskarazko kateetan ez ematea exijitzen dizuegu.

Bigarrenik, hauteskunde garaietan sarri gertatu da alderdien erdarazko iragarkiak euskarazko kateetan entzun edo ikusi behar izatea. Honen aurrean, berriz ere honelakorik ez gertatzeko neurriak hartu behar dituzue.

Hirugarrenik, jakina da hedabideetan jende askok egiten dituela adierazpenak. Hauek normalean itzuliak izaten dira, baina halere, gehiegitan gertatu ohi da adierazpenak itzuli gabe geratzea: politikariekin gertatu ohi da; edo adibidez, kirolean ere, partida edo lasterketaren bat amaitzean adierazpenak hartuta, esatariak ez du itzuli izan esandakoa. Beraz, adierazpenak beti itzuliak izatearekin batera, hauek euskaldunak diren pertsonei eskatzeko irizpidea egokia dela deritzogu.

Laugarrenik, iragarkiak. Egia da iragarkiak ahoz euskaraz sartzeari dagokionean aurreratu dela, nahiz eta baden baten bat erdaraz sartzen dena. Halere, telebistan idatziz gehienak erdaraz agertzen dira, Euskal Herriko enpresei dagokionez batzutan euskaraz diren arren. Baina emisio ezberdinetan azpian agertzen diren iragarkietan eta oro har iragarki orokorretan ere, erdaraz agertzen dira gehienak. Beraz, iragarkiak euskarazko katean sartu nahi dituzten enpresa guztiei baldintzak jarri behar zaizkiela uste dugu. Horretaz hausnartu eta ahalik eta lasterren baldintza horiek ezartzen hasi beharra dago. Honela, iragarkiak bere osotasunean euskaraz izango dira.

- Erdarazko kateei dagokienez:

Lehenik, euskaldunei adierazpenak hartzen zaizkienean, sistematikoki euskaraz eta erdaraz eskatzen zaizkie, emititu behar den katearen arabera. Herritarrei, kirolariei, politikariei, jendarte eta kultur eragileei (bertsolari, idazle...) edota haurrei adierazpenak hartzerakoan, erdaraz ere egitea eskatzen zaie eta egoera mingarri eta onartezinak sortzen dira, hizkuntza propioa ez den horretan mintzatzera behartuz. EHEk, euskaldun jendeari adierazpenak euskaraz soilik hartzea eskatzen dizue. Hau honela, erdarazko kateetan itzuli (azpi tituluekin edo ahoz) edota euskaraz sartzea eskatzen dizuegu. Gezurra badirudi ere, neurri honek uste baino eragin handiagoa izango luke euskararen sustapenean eta euskararen aldeko kontzientzian.

Bigarrenik, toki izenak edo toponimia. Erdarazko kateetan normalean erdaraz esaten dira. Alegia, Tutera Tudela bilakatzen da; Iruñea Pamplona; Arrasate Mondragon; Donostia San Sebastian... Jabetuak gara irizpide bat badagoela horren atzean, baina ohartzen bazarete, ez duzue irizpide bera erabiltzen Baiona Bayonne bilakatuz, edo Donibane Garazi St Jean Pie de Port jarriz, adibidez. Beraz, irizpidea nahi duzuen bezala darabilzue. Gure eskaera ez da noski euskaraz itzultzen ez diren horiek itzultzea. Kontrakoa. Euskal toponimia beti erabiltzea eskatzen dizuegu, Euskal Herriko toki izenei dagokienez salbuespenik gabe. Beraz, erdarazko kateetan Iruñea, Tutera, Arrasate, Laudio... beti erabiltzea.

Euskararen normalizazio prozesua berez zaila eta epe luzekoa dela badakigu. Baina euskaraz biziko den herri baten aldeko apustua egiten badugu, ezinbestez urrats eraginkorrak eta kualitatiboak gaurdanik eman behar ditugu. Gure eskaera zehatz hauek urrats batzuk izan badaitezke ere, ez dira inondik ere nahikoak izanen. Horregatik, hasieran aipaturiko helburu estrategikoari loturiko gogoeta eta neurri berriak ematea funtsezkoa dela deritzogu, hedabideak euskararen erabilpen normalizatua egitetik haratago, jarrera eta hizkuntza ohiturak aldarazteko tresna ezin hobea direlako.

Besterik gabe, maila pribatuan gertatu ez den bezala, maila publikoan erantzun bat jasoko dugula espero dugu. Dena den, aipatu nahi genizueke, ohartu garela gure eskaerei ez diezuela garrantzia askorik eman, zeren urtebete luze bat pasa den honetan, artikuluan zehar aipatu ditugun egoerak behin eta berriz errepikatu direla jabetu gara, ongi jabetu gainera. Beraz, oraingoz, euskararen normalizazio osoa lortzeko hautu eta konpromiso nahikorik ez duzuela ondorioztatzen dugu.

Mikel Irastortza, Euskal Herrian Euskarazen izenean
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun