LABek kaleratutako deialdia:
Atzo eta gaur langileok borrokan prekarietatearen aurka
30 urte pasa dira Gasteizko Frantzisko Deunaren elizan bilduta zeuden langileak masakratuak izan zirenetik. 5 hildako, ehunka balaz zaurituak eta jipoituak, milaka gaseatuta... arrazoi bakarra, euren eskubideak defendatzen zituzten langileak izatea.
Baina gure historiako egun beltz hori ez da gertakari gogor haien oroimeneko egun hutsa; martxoaren 3a Euskal Herriko langile mugimenduaren eta bere borrokaren erreferentzia eguna da. Duela 30 urte langile haiek egin zituzten aldarrikapenek gaur egun bizirik diraute. Atzo eta gaur langileok arrazoi ugari ditugu borrokarako.
Sistema kapitalistan eta politika neoliberalean patronala eroso sentitzen da, edozer eta edonoren gainetik pasatzeko gai euren irabaziak handitzearren. Eta hauek ez dira hitz hutsak; langileok gara honen guztiaren ondorioak pairatzen ditugunok. Langileriaren herenak baino gehiagok behin behineko kontratuetatik langabeziara eta langabeziatik behin behineko
kontratuetara bizirauten du; lan gero eta prekarioagoak, lan baldintza gero eta kaxkarragoak, pribatizazioak, azpikontratak, lan ordutegi guztiz malguak, soldata eskala bikoitzak, lan erritmo azkar baino azkarragoak, istripuak, heriotzak.
Nahiz eta kolektibo espezifiko batzuei gordinago eragin (emakumeak, gazteak, etorkinak, ezintasunak dauzkaten pertsonak), prekarietatea arazo estrukturala bihurtzen ari da. Ez da lantoki edo lanpostu berezi batean gertatzen den kontua, baizik eta lan mundua eta langileria oro har erabiltzeko eta menperatzeko tresna ankerra. Gaur egungo langile belaunaldiek gero eta urrutiago dituzte aurreko belaunaldien lan baldintzak: egonkortasuna, maila ekonomikoa eta hainbat eta hainbat lan baldintza gehiago.
Beraz, prekarietatearen aurkako eta lan baldintza duinen aldeko borroka sindikatuen ekintzaren helburu nagusia izan behar da. LABek bide horretan egingo du gogor, prekarietatearen kontrako erantzuna aktibatzeko eta langileria eta jendarte osoa helburu honekin mobilizatzeko, hauxe baita modu bakarra mende honetako esklabutza den prekarietatearekin behingoz
amaitzeko.
Mugi zaitez enpresan eta kalean. Zeure esku dago!
LAB sindikatua