Getxoko udalerrian Algortako etorbidea bilakatu zen iaz trafikorako gune beltza

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mar. 2a, 22:50
Getxoko udalerrian 2005. urtean izandako trafiko istripuen kopurua %7 jaitsi zen 2004. urtearen aldean, 406 istripu izatetik 377 izatera pasa baitzen. Zauritutakoen kopurua hazi egin zen apur bat, 220tik 224ra pasa baitzen eta hildakoena 2tik 1era jaitsi zen, Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak atzo prentsaurrekoan eskainitako balantzearen arabera. Datu esanguratsuenetariko bat Algortako Etorbidea maiztasun handiko istripu gune bilatu dela izan da. Izan ere, gune horrek hartu zuen istripu gehien iaz, 39 guztira.
2005ean izandako istripuen rankingean bigarren gunea Makaletako Etorbidea izan zen 27 ezbeharrekin. Ondoren Mimenagako biribilgunean 15 gertatu ziren, Salsidun 13 eta 12 Arriluzen, Maidaganen, Sarrikobason eta Telletxen. “Datuek istripu gehienak udalerriko irteeratan edo sarreretan izan zirela erakusten dute eta bide horietan ez dago gaur egun autoen abiadura moteltzeko jartzen diren elementurik” azaldu zuen alkateak. “Horren aurrean Udala mota horretako elementuak jartzea pentsatzen hasi beharko da, istripuen kopurua murrizteko” gehitu du Zarraoak.

Istripuen motari dagokionez, 191 martxan zeuden ibilgailuen arteko talkaren ondorioz izan ziren, 77 auto bat eta geldirik zegoen zerbaiten kontra jotzeagatik eta 49 harrapatzeak izan ziren (aurreko urtean baino 12 gehiago). 2005ean errepidetik ateratako ibilgailuak gutxiago izan ziren eta baita buelta eman zuten autoak ere. Arrazoi ohikoenak zirkulazio arauen hausteak eta oharkabeak izan ziren. Hala eta guztiz ere, Getxoko alkateak uste du “gizartean kultura aldaketa gertatzen ari dela eta ondorioz gidarien kontzientzia aldatzen ari dela, besteak beste, aurrera eramaten ari diren kanpaina desberdinei esker. Jendeak gero eta arreta handiagorekin gidatzen du eta egoera egokian ez badago ez du gidatzen”.

Alkoholemia kontrolak

Bestalde, 2005ean Udaltzaingoak hartutako salaketen kopurua ere jaitsi egin zen 1.038tik 767ra. Horietatik 199 lapurreta txikik eragindakoak izan ziren, 215 kalte desberdinek eragin zituzten eta 101 ibilgailuetan izandako lapurretek. Azkenik, bai Udaltzaingoak bai Ertzaintzak urtean zehar ezarritako 10 alkoholemia kontroletan 16 lagunek eman zuten positibo.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun