Besteak beste, genero indarkeriaren kontra lan egitea izango da arlo berriaren helburuetako bat. Dobaranek azaldu duenez, "berdintasunik ez dagoelako azaltzen da emakumeen kontrako indarkeria. Berdintasunaren alde lan egiten dugun heinean, indarkeria saihestuko dugu". Horren harira, udal bakoitzean protokoloak ezarriko dira genero indarkeriaren biktimei laguntzeko eta horri buruzko gira argitaratuko dute. "Horrela, mezua helarazi nahi diegu emakumeei: egun bat gehiago ere egoera hori jasan ez eta salatu dezatela; eta beste bat gizonezkoei: besoak gurutzaturik ez garela egongo eta Uribe Kostako herriek beharrezkoak diren urratsak emango ditugula genero indarkeriaren aurka borrokatzeko", adierazi du Berangoko alkateak. Horretaz gain, sentsibilizazio kanpainak zuzenduko zaizkie auzotarrei. Dobaranen hitzetan, "Uribe Kostan ume eta gazte asko ditugu eta, hortaz, handiagoa da erantzukizuna. Eskolek, familiek eta udal ordezkariek neska-mutilak berdintasunean hezteko konpromisoa hartu behar dugu egungo esteriotipoak apurtzeko".
Elkarlana
Eudel eta Emakunderekin batera, emakume eta gizonen berdintasuna lortzeko programa eta jarduerak antolatu eta koordinatzea; eta Emakume eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legea betetzen laguntzea ere dira Berdintasun Atal berriaren helburuak. Aipatu legea "Europa mailan erreferentea" dela azpimarratu du Dobaranek, baita "lege hori gauzatuz, orain hitzetatik ekintzetara" igaro behar dela ere. Hori dela eta, Berdintasun Planak sustatuko dira Mankomunitateko udalerrietan, Legeak ezartzen duen moduan.