Euskal Herrian Euskarazek salatu duenez, Basabe "testigu bezala deklaratzera joan eta inputatu gisa bukatu du azkenean". Aipatu delitua egotzita zortzi hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak lagun horrentzat. Ez da lehen aldia itzultzailea ez onartzegatik pertsona bati zigorra jartzen zaiona, baina bai da lehen aldia espetxe zigorra eskatzen dena “arrazoi” horiek kontuan hartuta.
EHEk salatu du egoera hori eta baita kasu horretan erantzule diren guztien jarrera ere; epaitegiak eta baita kasu horretan erantzule zuzena den Eusko Jaurlaritza: "argi esan behar diegu honaino heldu garela, onartezina dela hizkuntza eskubideak bermatuak izan daitezen eskatzeagatik isunak jartzea eta are gehiago maila horretako zigorrak jartzea. Argi esan nahi diegu ez dugula iruzur gehiagorik onartuko, izan ere, hori da euskaldunei egiten digutena etengabe: hitz politak dituzte euskararentzat eta ekintzez egurra ematen digute gure eskubideak aldarrikatzeagatik".
Aurrekari bihur liteke
Asteartean egingo zaion epaiketan, Asier Basabek bere jarrerari eutsiko dio aurretik jakinarazi duenez. EHEk nabarmendu du epaiketa hori "lehen kasua izanagatik, aurrekaria sortzeko erabili dezakete" Justizia Administrazioak zein Eusko Jaurlaritzak. Erakunde horiei ere leporatu die epaiketak euskaraz egiteko oztopoak jartzea.
Erakunde euskaltzaleak adierazi duenez, Asier Basabek orain arte hasitako bideari helduko dio eta baita EHEk ere. Ildo horretan, epaiketa egiten den unean elkarretaratzea egingo dute epaitegi aurrean. EHEren iritziz "egoera hori, baina orokorrean, egunero jasan behar izaten dugun gutxiagotze eta zapalkuntza salatzeko" egingo dute aipatu ekimena. Era berean, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak ere badu kasuaren berri eta behatzaile moduan egongo da asteartean Bilbon.