Gizarte Ongizate atalaren atzetik –alde handiarekin–, aurrekontuen %15,79a (332.235,74 euro) bideratuko da Euskara arlora, 2005ean baino 29.131,52 euro gehiago. Hain zuzen ere, 106.200 euro jarri dituzte ume eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko.
Birziklapena
"Berriro ere birziklapenaren alde apostua eginez", aurrekontuen %6,71a (145.371,79 euro) eman dute papera eta kartoia, beira, ehun-gaiak eta erabilitako etxeko olioa jaso eta herritarrak sentsibilizatzeko kanpainentzako; aurrekoan baino 65.931,44 euro gehiago. Oleak iragarri zuenez, Mankomunitateko udalerrietan (Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz) dagoeneko Leioan jarrita dauden paper eta kartoirako edukiontzien parekoak jartzea aztertzen ari dira. Zarama botatzekoen antzekoak diren edukiontzietan, albotik bota daitezke kartoi eta paper hondarrak; eta gero behar bezala egokitutako ibilgailuek batzen dituzte.
Erabilitako etxeko olioa batzeko, berriz, Mankomunitateko bulegoetan eta udaletxeetan daude eskuragarri 5 litroko ontziak. Atzealdeko etiketan agertzen dira batzeko tokiak, datak eta orduak.