"Sua" 1609an Lapurdin egindako sorginen ehizari buruzko filman parte hartzeko izena eman daiteke Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mar. 6a, 20:38

Ibarrako eta Algortako lagunek martxan jarritako Eneko Aritzaren Lagunak kultur elkarteak datorren asteburuan Maulen grabatuko dituen "Sua" filmaren lau sekuentziatan aktore gisa parte hartzeko aukera izango dute Uribe Kostako lagunek. Izan ere, larunbatean, martxoak 11, goizeko 9etan propio autobusa antolatu dute Maulera abiatzeko. Algortako Kirikiñotik irtengo den autobus horretan izena emateko Lainoa, Gorrondatxe eta UK tabernetan egin daiteke ostegunera bitarte. Prezioa bakoitzaren hautuaren arabera izango da: joan, grabatu, bazkaldu eta bueltatu nahi duenak 10 eurotan izango du txartela. Horretaz gain, Maulen trikitixa, bertsoak, kontzertua eta hainbat ekitaldiz hornitutako jaialdian geldituko dena eta, bertan lo egiteko lekua izango duela, igandean bueltatzea nahiago duenak 15 eurotan izango du txartela.

"Sua" filma Eneko Aritzaren Lagunak kultur elkarteko bigarren ekimen garrantzitsua da, "Eneko Aritza, Orreagako guda" metraje laburreko filma lehenengo ekintza izan zela. "Sua"k 1609an inkisizio katolikoak Lapurdin eginiko sorgin ehizaren inguruko istorioak kontatzen ditu. Argibide gehiagorako 650 189 512 telefonora dei daiteke.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun