Bizkaiko Martxoaren 8a koordinakundeak proposatuta erabaki dute Getxo udalerriko hainbat emakume elkartek "menpekotasun egoeran dauden pertsonei eman behar zaien arreta" gaitzat hartzea, Urkizak azaldutakoaren arabera. "Lehen emakumeek dohainik egiten zuten lana, ezegonkortasun egoeran egiten dute orain etorkinek", aditzera eman du zinegotziak. Gauzak horrela, "guztiok zainduak izateko eskubidea daukagun bezala, zaintzaile izan nahi dugun erabakitzekoa ere badaukagula" aintzat hartuta, "gizonezkoek ere lan horretan inplikatu eta instituzioek horien kostu ekonomikoa arindu" beharko luketela aldarrikatu du udal arduradunak.
Egitaraua
Martxoaren 1etik 30era bitartean, antzerkia, zinea, musika, hitzaldi-eztabaida eta erakusketa izango dira Getxo udalerrian. Oraingo honetan, martxoaren 8aren ardatz nagusia dependentziako egoeran dauden pertsonen zaintza izango da, "arazo honek batez ere emakumeengan duelako eragina" udal arduradunen hitzetan. Gai hau eztabaida-hitzaldi batean (hilak 9) aztertuko da, “Pertsonek zainduak izateko duten eskubidea: dependentziari arreta egiteko euskal sistema publikoaren alde” izenekoa. Gizarte Antropologian Doktorea den Mari Luz Estebanek eskainiko du hitzaldia, 19:00etan, Algortako kultur etxean. Hori ere izango da, Bizkaiko Martxoaren 8a koordinakundeak deituta, Emakumeen Nazioarteko Egunean Bilbon egingo den manifestazioaren lelo nagusia. Bertara joateko dei egin dute Getxoko Udaletik.
Gainera, egun horretan beste bi ekitaldi izango dira, jendeak parte har dezan: bigarren urtez, horma-irudia egingo dute Algortako Getxo Antzokiko plazan, 9:00etatik aurrera. Oraingo honetan, bost emakume margolarik eginiko 10 proposamenetatik Patirke Arenillasena aukeratu dute –igaz bezala–. Bukatutakoan, horma-irudia Algortako Merkatuaren hormetako batean jarriko dute ikusgai. Bestalde, herri luntxa izango da San Nikolas plazan, 14:00etan, eta Emakumeen Eskubideen Adierazpena irakurriko dute.
Kultur jarduera ugari
“Emakumeen Historia Musikan” izenburuko erakusketarekin eman zitzaien hasiera ekitaldiei martxoaren hasieran. Algortako kultur etxean dago ikusgai erakusketa hilaren 30era arte. Zine Kluba zikloak ere bat egin du ospakizunarekin. Asteazken honetan, hilak 8, 19:30ean, aurten Goya sarietan nagusitutako Isabel Coixeten “La vida secreta de las palabras” filmea eskainiko dute. Sarrerak 2,80 eurotan daude.
VI Emakumeak Musikan Jaialdiaren barruan, martxoaren 11, 18 eta 25ean izango dira kontzertuak, 19:30ean, Areetako Andres Isasi musika eskolan. Aurrenekoa Arkaitz Mendoza piano joleak eta Iñaki Lagos bibolin joleak eskainiko dute; bigarrenaz, Rene Mora piano jolea arduratuko da; eta hirugarrenak Iruñeako Ganbara Orkestra izango du protagonista.
Antzerkia ere ez da faltako. Hilaren 12an, Algortako Getxo Antzokian, 19:00etan, “Olimpia, o la pasión de existir” antzeztuko dute Armar Artes Escenicas (Argentina) eta Teatro de las Sonambulas (Espainia) taldeek. Sarrerak 6 eurotan daude.
Hauxe da, finean, Getxoko Udaleko Berdintasun Arloaren proposamena martxoaren 8rako. Horretarako, Getxoko Kultur Etxearen, Getxoko Antzerki Eskolaren eta Alboa, Bilgune Feminista, Eskuz Esku, Etxekin eta Gizatiar kolektiboen laguntza jaso dute, udal iturriek adierazitakoaren arabera.