Espainiar Gobernuak xantai eta presio politikorako erabiltzen duen tresna da suntsipen eta sarraski espetxe politika hau. Izan ere, heriotza hauek testuinguru politiko oso zehatzean gertatu dira, ezker abertzaleak negoziazio eta konponbide politikoaren aldeko apustua egiten jarraitzen duen momentuan, hain zuzen.
PNV eta Ertzaintzaren probokazioek areagotu duten egoera larri honen aurrean, ezinbestekoa da lasaitasunez baina indartsu erantzutea. Dispertsioaren amaiera hamaika bider eta hamaika moduz salatu dugu; hala ere, bi heriotza hauen moduko gertaera latz eta gogorren aurrean eta Espainiar Gobernuaren jokabidea ikusita, beharrezkoa da dispertsioaren aurkako eta konponbide politikoen aldeko aurrerapausoa egitea.
Horregatik, LABek greba eta mobilizazio eguna deitu du martxoaren 9rako, eskualde guztietan eta, jakina, Uribe Kostan ere bai. Egun honetan esan behar dugu nahikoa dela. Konponbide demokratikoen prozesuari baietz esan behar diogu.
Aurrera egin eta konponbide prozesua blindatzea beharrezkoa da, jendartearen protagonismoan oinarrituta eta probokazio zein xantaiei erantzunda. Martxoaren 9an Igor eta Robertoren erailketei erantzun behar diegu, dispertsio politika behingoz amaitzeko aldarrikatu behar dugu eta, era berean, konponbide prozesuaren aldeko konpromisoa eta exijentzia kaleratu behar ditugu.
Igor eta Robertori egin ahal diegun omenaldirik onena Euskal Herriaren borondatea errespetatuko duen konponbide politiko prozesurantz eta bakerantz aurrera egitea da.
Dispertsiorik ez!
Konponketa Demokratikoaren alde!
Uribe Kosta osoan ere, denok kalera