Ehunaka gazte atera dira kalera Mentxakabarriren hustea salatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mar. 7a, 23:16

Algortako Gazte Asanbladak (AGA) gaur iluntzerako egindako deialdiarekin bat egin dute 250 bat neska-mutilek, Mentxakabarriren hustea salatu eta "gazteentzako lokal autogestionatuen beharra" aldarrikatzeko. Itzubaltzeta, Udondo, Sopela eta Urduliz eta Plentziako gazte asanbladen babesarekin, gaztetxetik bertatik abiatu da manifestazioa, aurretik Getxoko Udaltzaingoaren pratruila-autoa eta atzetik Ertzaintzaren brigada mugikorreko furgoneta zihoazela. Arazorik gabe ibili da martxa Algortako kaleetan barrena eta, batzokira heldu denean tentsio uneak bizi izan badira ere, ez da ezer gertatu. Izan ere, EAJren eta Zarraoaren aurkako oihuak areagotzen ziren bitartean, neska-mutilak jeltzaleen egoitzaren aurrean gelditu –itxita zegoen– eta "Mentxakabarri gaztetxea aurrera" leloa zeraman pankarta jarri dute kanpoko hezian. Ertzainak, orduan, furgonetatik jaitsi dira, baina kargarik ez da egon. Manifestazioa aurrera egin duenean, parkartara hurbildu eta bertan geratu dira polizia autonomikoak. Bidezabaletik bera, Iñaki Urkiza Etxebizitza arloko Getxoko zinegotzia (EB-Berdeak) ere igaro da, gazteen kontrako norabidean, autoan zihoala. Aurpegia eskuarekin estaliz bere bidea jarraitu du Urkizak, besterik gabe. Telletxe eta Algortako Etorbidearen arteko gurutzabidea hamar minutuz moztuz amaitu da protesta. Handik ordu laurden batera zaramontziak gurutzatu dituzte errepidean hainbat ezezagunek. Bestalde, ostiralerako manifestazioa deitu du AGAk, 20:00etan, Telletxetik abiatuta.

Manifestazioa iluntzeko zortzi t'erdietarako zegoen deituta, gaur goizean hustu duten Mentxakabarritik abiatuta. Hasi bitartean, alboan dagoen Constantino Tenorearen plazan elkartzen joan dira neska-mutilak, gaztetxea ertzainek zainduta zegoela. Hedabideen aurrean, Mentxakabarri husteko emandako "aitzakiak" gezurtatu ditu AGAko kide batek. "Etxe pribatua delako kanporatu gaituztela esaten dute. Baina jabego publikoren bat hartu dugunean berehala bota gaituzte". Hain zuzen ere, Aixerrota gaztetxea bota eta Urgull kaleko antzineko kultur etxeko lokaletan sartu zireneko denborak gogoratu ditu gazteak. Orain, gaztelekua egin nahi dute bertan eta gaurkoan ere proiektu horren aurka agertu da AGA. "Gazteontzako proiektuak burutzen dituzte, gazteon nahiak eta beharrak kontutan hartu gabe. Azkenekoa, gaztelekuarena izan da: funtzionamendu eta erabilera mugatuko (instituzioek mugatua) gunea. Gazteriaren zati txiki bat barnebilduko duena, hauen aisialdia gaztea ez den pertsona batek antolatuz eta gazteon gaitasunak eta sormena mugatuz", salatu du gazte asanbladako kideak.

Okupatzen jarraituko dute

Bitartean, "okupatzen" jarraituko dutela ere ohartarazi du, "gaztetxeak herrietan ezinbestekoak direlako". AGAko kidearen hitzetan, "guk gure etorkizuna eta oraina eraiki nahi dugu, guk nahi dugun moduan. Gure aisialdi ereduak sortu nahi ditugu, inposatzen dizkigutenei alternatibak jarriz. Guk geuk izan nahi dugu, ezarri nahi dizkiguten ereduekin apurtu nahi dugu, gure artean harreman mota ezberdinak eraikiz eta elkarren artean komunikatuz, ikasiz, gozatuz, borrokatuz…". Gaineratu duenez, "udal agintariek botatzen dituzten gezur pilari kasurik ez egin eta gaztetxea ezagutuko balute, gurekin bat etorriko lirateke seguru asko auzotarrek".


Gaiaren inguruko berriak:

Ekitaldi guztiak bertan behera utzi eta Algortako manifestaldira deitu du Itzubaltzeta gaztetxeak (2006 Mar 07)

Drogari buruzko informazioa eskainiko dute Itzubaltzeta gaztetxeak eta Leioako Gazte Bulegoak (2006 Mar 07)

Mentxakabarri gaztetxeko sei lagunen kontrako akusazioak airean dira abokatuaren arabera (2006 Mar 07)

Mentxakabarrin atxilotutako gaztea askatu dute eta desobedientzia larria eta erresistentzia leporatu diote (2006 Mar 07)

Telletxen eta udaletxean egingo dituzte protestak Mentxakabarriko gazteek (2006 Mar 07)

Ertzain-etxera eraman dute Mentxakabarriko teilatuan zegoen gaztea (2006 Mar 07)

Anoraka eta sakeleko telefonoa eraman diote Mentxakabarriko teilatuko mutilari (2006 Mar 07)

Mentxakabarri gaztetxea husten ari dira (2006 Mar 07)

Mentxakabarri gaztetxea defendatzeko konpromisoa berretsi du Algortako gazteriak (2006 Mar 06)

Mentxakabarri husteko izapideekin aurrera doa Getxoko Epaitegia (2006 Mar 03)

Desalojo arriskuaren aurrean, gune autogestionatua nahi dutela berretsi dute Mentxakabarriko gazteek (2006 Mar 03)

Mentxakabarri gaztetxea husteko agindurik ez duela esan du Ertzaintzak (2006 Mar 02)

Desalojoaren kontrako errekurtsoa aurkeztu du Mentxakabarriko gazteen abokatuak (2006 Mar 02)

Joan egin diren arren, ertzainak aginduarekin itzuliko diren zain daude Mentxakabarrin (2006 Mar 02)

Mentxakabarri gaztetxea desalojatzen ari dira (2006 Mar 02)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun