Hamazazpi ikastaro eskainiko ditu aurten Getxoko Gazteria Zerbitzuak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mar. 8a, 20:53

Getxoko Udaleko Gazteria Zerbitzuak neska-mutilentzako 17 ikastaro eskainiko ditu aurten. Oraingo edizioan "aukera gehiago" egongo dira eta artisautza, musika, kirola eta dantzari lotutako kurtso kopuru handiago izango du, "iazko ikastaroen ebaluazio eta aurreko edizioetan parte hartu duten gazteek eskatu dutena kontuan harturik", udal arduradunek adierazi dutenez. Horrela, aurtengo eskaintza beste gai batzuetara zabaldu da. Besteak beste, bisuteriazko zeramika, zeramika, egur lanketa, biodantza eta eskalada jorratuko dituzte. Beste berrikuntzetako bat irisgarritasuna bermatzeko ahalegina izan da, Imanol Landa Presidentzia zinegotziak gaur goizean aipatu duenez.

"Ikastaroak irisgarritasun irizpideak betetzen dituzten lekuetan egiten saiatu gara. Eta horrelako irizpideak betetzen dituzten tailerrak zeintzuk diren publizitatea egiteko orduan zehaztuko da ikur baten bidez", azaldu du udal arduradunak. Gazteria Zerbitzuaren helburua epe motzean bere "ikastaro guzti-guztiek horrelako arauak bermatuko direla ziurtatzea" da. “Getxoko gormutuen elkartearekin ere harremanetan gaude, tailerrak mugitzeko arazoak dituztenentzat eskaintzeaz gain, beste ezintasun mota batzuk dituztenentzat ere antolatzeko”, zehaztu du Landak.

Egitaraua

Bost euro balio izango duten ikastaroak 12 urtetik 30 urtera bitarteko gazteentzat dira, bi adin tartetan banatuak: 12 urtetik 17ra bitarteko neska-mutilak eta 18tik eta 30era bitartekoak. Lehenengoa sukaldaritzakoa izango da, “Bizirauten ikasi” lelopean. 12 eta 17 urte artekoei zuzenduta, Areetako La Sarten de Cordeleria eskolan izango da martxoaren 17, 24 eta 31n eta apirilaren 7an, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara.

Kitarra jotzen jakiteko oinarrizko ikastaroa Algortako Villamonte kaleko kultur etxean izango da martxoaren 20 eta 27an, apirilaren 3, 10 eta 24ean, maiatzaren 8, 19, 22 eta 29an eta ekainaren 5 eta 12an, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Horretan, "irisgarritasuna ziurtatuta egongo da", Landaren hitzetan.

Biodantza ikastaroa 18 eta 30 urte arteko gazteei dago zuzenduta. Itzubaltzeta / Erromoko kultur etxean egingo dute martxoaren 17, 24 eta 31n eta apirilaren 7an, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara.

Zeramikazko bisuteria ikastaroa Zeramika Taldearen egoitzan, Algortako Iparbide kaleko 7. zenbakian izango da, ekainaren 1, 8, 15, 22 eta 29an, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, 12 eta 17 urte arteko gazteentzat. Irisgarritasuna ere bermatuta egongo da.

Urtean zehar, uztailean eta abuztuan izan ezik, beste ikastaro batzuk ere eskainiko dira: makilajea apirilean; marrazketa eta margoketa martxoan eta apirilean; eskalada 12 eta 17 urte artekoentzat maiatzan Urdulizko Santa Marina haitzetan; akrobazia eta malabareak ekainean; egur lanketa irailean, azaroan eta abenduan eta artisautza eta abalorioak urrian, hurrenez hurren.

Gazteentzako Informazio Bulegoan eman daiteke izena (Tangora etxean, Algortako Etorbidea 98. zenbakian); baita 944 910 114 telefono zenbakira deituz edo mezu elektronikoa bidaliz gaztebulegoa@getxo.net helbidera ere. Izena eta ikastaroa zehaztu beharko dira, eta harremanetarako telefono zenbakia ere bai (ahal dela, sakelako telefonoa). SMS mezu bat ere bidal daiteke 667 600 740 zenbakira, ikastaroaren izena zehaztuz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun