2005an bigarren mundu martxa igaro zen Euskal Herritik. "Horri esker, munduko eta Euskal Herriko emakumeok gure ahotsak altxatu eta gure aldarrikapenak kaleratu genituen" adierazi dute plataformako kideek, manifestazioaren ostean, San Nikolas plazan irakurritako manifestuaren bidez. Aurten ere, bide berdina jarraituz eta "aldarrikapenetatik ekintzetara pasatzeko urratsak emanez", Euskal Herriko Emakumeon Eskubideen Karta egiteari ekin diote martxan parte hartu zuten eragileek. Gauzak horrela, 2006ko martxoaren 8a, "emakumeen eskubideen urraketa salatzeko eta proposamenak egiteko, eta behin eta berriz patriarkatuaren eta honen bermatzea posible egiten dutenen aurka egiteko" erabili nahi izan dute, aldarrikapen horiek kalera ateraz. Aipatu eskubideen karta egiteko, "guztion parte hartzea" ere beharrezkoa dela adierazi dute, "guztion artean Euskal Herri parekidea sor dezagun". Dena den, Getxoko Dantza Eskolaren saioaren ostean kioskora igo diren Itxaso Paiak, Arrate Illarok eta Jone Uriak argi utzi nahi izan dute euren bertsoen bidez "atzo ere Emakumeen Eguna" zela, "emakumeena eguneroko borroka" dela aldarrikatuz.
Hona hemen Algortako San Nikolas plazan irakurritako manifestua:
Emakumeok, gure eskubideak direlako, martxan!
Orain urtebete, Euskal Herrian bizi garen Emakumeon Eskubideen Gutuna egiteko konpromisoa adierazi genuen jendaurrean. Eta horretan gabiltza.
Martxoaren 8 honetan, emakume guztien esku jarriko dugu guk eginiko lana, gutun hori denon artean osa dezagun. Bizi dugun errealitatea nola ikusten dugun adierazi behar dugu diagnostiko horretan. Eta esku artean ditugun erronkak asko badira ere, Martxoaren 8 honetan lehentasun batzuk nabarmendu nahi ditugu:
1. Indarkeria sexista, tratu txarrak, bortxaketak, emakumeak erailtzea eta bestelako ekintza mesprezagarriak atzean uzteko, gizarte osoak egin behar du lan; izan ere, hemen ez da inor erantzule egiten. Gaur egunean, gizonek ez dute onartzen euren ardura eta "ni ez naiz izan" esatera mugatzen dira, beste askorik gabe.
Erakundeek adierazpen asko egiten dituzte, eta hartu beharreko neurriez aritzen dira; baina gero, berdintasun politikak, ekintza positiborakoak, berdintasun planak, eta abar, eta abar, aurrekontuetan azkenak doaz ilaran. Badago diru publikoa zertan gastatu, eta ez emakumeon eskubideak defendatzen, hain zuzen ere. Ez dago borondaterik, ez dago benetako egitasmorik, aurrekontudunak, ez zaie jarraipenik eta ebaluaziorik egiten, eta, batez ere, ez dute emaitza positiborik emakumeontzat.
2. Zainketak baloratzea nahi dugu. Euskal Herrian emakumeok biztanleriaren erdia baino zertxobait gehiago gara, bizitzak jarrai dezan egin beharreko lanen eta zainketen %80 egiten ditugu, eta lan hori ez dago, ez gizarte mailan, ez ekonomikoki, aitortuta. Beraz, pertsona guztiok zainduak izateko dugun eskubidea aldarrikatu nahi dugu. Emakumeok aukeratzeko eskubidea dugu, aukeratu esan dugu, zaindu nahi dugun ala ez; eta ez dadila betebehar bat bihurtu, nahiz eta ordaindutakoa izan. Bestalde, gaur egungo beharrizanei erantzungo dien sistema publiko eta unibertsala nahi dugu.
3. Gizartearen hainbat esparrutan dagokigun lekua patriarkatuak eta sistema kapitalistak ukatu egiten digu, eta orain berreskuratu egin behar dugu leku hori. Gutxiengoa gara erabakitzeko esparruetan eta botere arloan, ez gaude behar bezala ordezkatuta ekonomia eta politika aldetik balioa duten eremuetan, iraupen luzeko langabetu multzo handiena osatzen dugu, soldata kaxkarrenak ditugu, baldintza txarreko kontratuak egiten dizkigute eta gizarte-laguntzak jaso behar izaten ditugu. Eta beste emakume batzuen egoera okerragoa da oraindik: etxeko langileak, etorkinak eta prostitutak; hauek ez dituzte gainerako langileek dituzten eskubideak ere, eta, gainera, gizartearen zati handi baten iritzirako, patriarkatuaren gaitz-aztarna osatzen dute. Txirotasuna emakumeok pairatzen dugu.
Horregatik guztiagatik, emakume guztiei dei egiten diegu: heterosexualei, lesbianei, transexualei, hemen jaio edo handik etorritakoei, eskubideak dituzten edo ez dituzten langileei. Elkar gaitezen eta egin dezagun Gutuna denok batera. Beste mundu bat posible dela pentsatzen dugulako, askatasunean, berdintasunean, elkartasunean, bakean eta emakumeenganako justizian oinarritutako mundu bat, eta hori lortzeko, indarra eta matxinada beharrezko direlako... gora emakumeon borroka!