Bilboko Inauterietan beste gazte bati eraso izana leporatu diote getxoztar bati

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mar. 8a, 23:19

Bilboko ertzain-etxeko agenteek gizonezko bat atxilotu zuten atzo Bizkaiko hiriburuan, Inauterietan Plaza Barrian gazte bati botila batekin eraso ziolakoan. Biktimak zauri bat zuen aurpegian, erasotzaileak botila batekin eraginda. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak adierazitakoaren arabera, "EAEko poliziak egindako ikerketei esker, ustezko egilea identifikatu dute. Iragan abenduan ere atxilotu zuten antzeko eraso bat egiteagatik". Atxilotutakoa, L.A.G.M. 18 urteko getxoztarra da. Komisariara eraman zuten atzo beharrezko izapideak egiteko, ondoren, epailearen esku uzteko. "Joan den abenduan ere antzeko eraso bat egin zuen eta orduan ere botila batekin eraso zuen gizonezko bat Bilbon, Colon de Larreategi kalean", polizia iturrien arabera.

Herrizaingo Sailak azaldutakoaren arabera, otsailaren 26an –goizaldeko ordu biak aldera– izan zen gertaera Bilboko Inauterietan. Zenbait lekukok adierazitakoa aipatuz polizi iturriek diotenez, Plaza Barrian izan zen erasoa, gizonezko batek gazte bati mozorroa hautsi ostean. Azalpenak eskatutakoan, gizonezkoak kristalezko botila bat lurretik hartu eta biktimari eraso zion, aurpegian zauri handia eginez", azaldu dute.

Odol ugari

Adiskideek biktimari lagundu eta Ertzaintzari deitu zioten, gertatutakoaren berri emateko; erasotzaileak, aldiz, ihes egin zuen. Patruila bat bertaratu zen eta gazteak aurpegian zauria (20 bat zentimetrokoa eta odol ugari zeriola) zuela ikusi zuten. Handik gutxira, larrialdietarako osasun zerbitzuek artatu zuten biktima eta ospitalera eraman zuten. Hainbat lekukoren adierazpenak jaso ondoren, EAEko poliziak ikerketa abiarazi zuen ustezko erasotzailearen nortasuna zehazteko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun