Gaur burutzen ari den dispertsioaren kontrako eta Ertzaintzaren jarreraren aurkako greba ekitaldietan "lema eta anagrama jakin batzuk erabiltzeko debekua" gogorarazi du Herrizaingo Sailak atzo publiko egin zuen prentsa-ohar baten bidez. Javier Balzak zuzentzen duen sailak Ertzaintzaren Zuzendaritzaren ebazpena igorri zien atzo EAEko hainbat herritan zenbait kontzentrazioren eta ekitaldiren berri eman dituztenei. Idatziaren arabera, ekitaldi horietan "ezin izango dute instituzio eta antolakuntzaren bat (edo horiek ordezkatzen dituzten pertsonak) mehatxatzen edo larderiatzen duten pankarta, lema edo esloganik erabili, ezta erakunde terroristaren bat goresten duten aipamenik egin ere". Aipatutakoa bete ezean "ekitaldia bertan behera uzteaz gain", jarduera judizialak zabaltzearekin mehatxatzen du Herrizaingo Sailak. Irudian, bi ertzain Algortan.
Halaber, ebazpenak gogorarazten du, "legez kanpokotzat jotako erakundeek ezin izango dute parte hartu testu edo anagramen bidez". Azkenik, Ebazpenean bildutako terminoren bat bete ezean, "txostenak bideratuko dituzte administrazio arloko arau-urratzeengatik eta, pertsonak edo ondasunak arriskuan ipintzen dituen ez-zilegi penalak jazoz gero, ekitaldia bertan behera uzteaz gain, dagozkion argiketak hasi eta agintaritza judizialari bidaliko dizkiote".
Greba eskubidea
Bestalde, "hainbat komunikabidek adierazitako greba deialdia debekatzeko aukerari (deialdiaren berri legeak eskatzen duen aurrerapenarekin ez emateagatik) dagokionez, Herrizaingo Sailak argi eta garbi utzi nahi du aukera hori baztertzen duten epai judizial ugari daudela, oinarrizko eskubidea baita".
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.