Uribe Kostako ehunaka lagunek salatu du dispertsioa Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mar. 9a, 14:37

"Konponbide demokratikoa, dispertsiorik ez" leloa irakur zitekeen pankarta atzean, Uribe Kostako txoko guztietatik etorritako ehunaka lagun –800 bat LABen hitzetan– bildu dira, Algortako Telletxen, 12:00etarako deitutako manifestazioan. "Sakabanaketak eragindako" Igor Angulo eta Roberto Sainz euskal preso politikoen heriotza eta horiei egin nahi zieten omenaldietan Ertzaintzak izandako "jarrera bortitza" salatzeko, Algortan bertan izan da eskualde mailako protesta, gaurko, martxoak 9, deitutako greba eta mobilizazio egunaren baitan. Manifestazioa inolako arazorik gabe ibili da herriko kaleetan barrena. Polizia autonomikorik ez da agertu ibilbide osoan zehar. Kaleetan barrena, nabariak izan dira Angulo, Sainz eta gainontzeko euskal preso politikoen aldeko eta Ertzaintza, EAJ, PSOE eta dispertsioaren aurkako oihuak. "Bakea lortzeko, konponbide demokratiko baten beharra" ere aldarrikatu dute.

Behin manifestazioa amaituta gaurko eta larunbaterako deialdiak gogoratu ditu Goyo Acero Uribe Kostako ezker abertzalearen izenean: arratsaldean kontzetrazioak eta manifestazioak egongo dira herri guztietan, 20:00etan. Algortan Telletxen izango da eta Areetan Xake plazan, ordu erdi lehenago. Larunbatean, berriz, 17:30ean da hitzordua Portugaleteko –Roberto Sainzen jaioterria– hilerrian, manifestazioan Santurtziko –Igor Anguloren jaioterria– plazara abiatzeko. Acerok gogoratu duenez, "mobilizazio eguna ez da manifestazio honekin amaitzen, egun osoan jarraitu behar dugu; baita larunbatean ere".

Gaiaren inguruko berriak:

Gaurko grebari begira hainbat debeku ezarriko dituela iragarri du Herrizaingo Sailak (2006 Mar 09)

Romo-Artatzako ikasleei "greba egiteko aukerarik ez" die eman Zuzendaritzak (2006 Mar 09)

UKBERRI.NETeko langileek gaurko grebarekin bat egiten dute (2006 Mar 09)

Martxoaren 9an Uribe Kosta ere kalera! (2006 Mar 07)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun