Zentsuraren Aurkako Gaua ospatuko dute iluntzean Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mar. 11a, 17:06

Zentsuraren Aurkako Gaua ospatuko da Itzubaltzeta / Erromoko gaztetxean iluntzeko 8etatik aurrera, Mundurat Sareak antolatuta. Txakurrak, Bilboko Zartako (argazkian / Gaztesarea) eta Mossin Nagant taldeek zuzeneko emanaldiak eskainiko dizkiete beren zaleei bi ekimen babestu nahi duen kontzertu berezi honetan. Alde batetik, antolatzailea den Mundurat Sarea, iazko urrian hasitako bidetik jarraituz, proiektuaren biziraupena eta kalitatea bermatu ahal izateko, kontzertua antolatu du era horretaz autogestionatzeko. Beste aldetik, Munduratek aukeratutako musika taldeak ez dira kasualitate hutsa: kontzertu horretan, Espainiako indar ultraeskuindarrengandik mehatxu eta presioak jasan dituzten hiru musika talde euskaldun arituko dira: Mossin Nagant, Zartako eta Txakurrak.

Mossin Nagant

Gasteizen jaio ziren 2003 urtean eta streetpunk estiloa egiten dute. Musika talde bakarrik ez, talde politikoa ere badira, ezkertzaleak eta abertzaleak. Iaz kaleratu zuten euren "Redskin sound from Basque Country" lehen diskoa eta euskara eta gaztelera darabilte euren hitzetan. Pasa den urrian Ciudad Realen antolatutako jaialdi batean jo behar zutela-eta, PP eta PSOErengandik presioak jasan behar izan zituzten jaialdiaren antolatzaileek.

"Gasteiz 3-3-1976" [mp3]

Txakurrak

2004 urtean talde berri bat egiteko elkartu ziren Lasarteko entsegu lokaletan. Musika talde bat baino gehiago, hitzei garrantzia emanez, komunikatzeko eta salaketarako erabiltzen dute musika eta eskenatokia. Orain dela hilabete gutxi, MusikHerriarekin batera kaleratu dute euren lehen lana. Orain dela bi urte, Asturieseko Nava herriko taberna batean kontzertu bat ematera joan ziren, baina udaletxearengandik jasotako presioak zirela-eta, tabernaren jabeak kontzertua bertan behera utzi behar izan zuen.

"Urbil et Orbi" [mp3]

Zartako

Bilboko Zartako taldea 2002 urtean jaio zen hardcore eta oi! musika egiteko asmoarekin. Orain dela gutxi bertan behera gelditu zen Kantabriako D'Manu salan eman behar zuten kontzertua PP, Manos Limpias eta Falangeren aldetik jasando presio kanpaina izugarri baten ondorioz.

"Ataca y destroza" [mp3]

Gaiaren inguruko berriak:

Kloratita eta dozenaka euskal musika talde jopuntuan jarri ditu foro ultraeskuindar batek (2006 Ots 07)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun