Errekagane kaleko errepidea konpontzeko prozesua behingoz hasi da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mar. 11a, 17:46

Getxoko Alderdi Popularrek hainbat urteetan aldarrikatu duen Errekagane kalearen konponketa martxan dago jadanik, aurreko egunean Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak jakinarazi zuenez. PPk 2005eko urtarrilean inguruko postontzi guztietan banatu zuen Errekagane kalearen egoera penagarria salatu eta errepidearen konponketa eskatzen zuen esku-orria. Auzokide askorentzat ere, espaloiak luzatzeko Itzubaltzeta / Romon egindako hainbat lanek erakusten zuten Udalak inguru horrekin ez duela asmatzen. Azkenean, putzu eta zulo guztiak estaltzeko 60.500 euro bideratuko ditu Getxoko Udalak.

Getxoko Udaleko Gobernu Batzarrak Itzubaltzeta / Romoko Errekagane kalea urbanizatzeko proiektuaren idazketa lehiaketara atera du 60.500 euroko zenbatekoan. Kopuru horretatik, 48.500 euro asfaltatze proiektua egiteko eta lan zuzendaritzarako izango dira eta gainontzeko 12.000 euro zorua hondatzearen arrazoiak aztertzeko ikerketa geoteknikoak egiteko.

Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak argitu duenez, “kaleko zorua hondatzen ari da baina horrek ez du inguruko eraikinetarako arriskurik suposatzen. Zenbait hipotesi aztertzen ari dira eta badirudi uraren ondoan dagoen hormatik areak edo material txikiak sartzen ari direla”. Horregatik, asfaltatu baino lehen, ikerketa geoteknikoa egingo dute, hau da, kartografia, orubearen egonkortasuna (kalea eta antzinako ibaiaren ubidea) eta egingo dituzten lanek eragina jasango duten instalakuntzetan eta zerbitzuetan (elektrizitate-hodiak, saneamendu-hodiak...). “Asfaltatze lanak baino gehiago izango dira eta horregatik du aurrekontu handia” zehaztu du Zarraoak.

Lanak hasten direnean esperientzia duten bide, ubide eta portu-ingeniari batek eta herri lanetako ingeniari tekniko batek osatutako taldeak gutxienez astean birritan ikuskatu beharko ditu lanak. Laguntzeko beste bi pertsona gehiago ere izango dira, hain zuzen ere ingeniari topografo bat eta marrazkigile bat.

Lehiaketaren iraupena 4 hilabetekoa izango da aipatutako ikerketa guztiak egin ahal izateko. Lanaren zenbatekoa oraindik ez da zehaztu, hori proiektua eginda dagoenean ezagutuko baita.

Gaiaren inguruko berriak:

Errekagane kaleari buruzko orria argitaratu du Getxoko Udaleko talde popularrak (2005 Urt 25)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun