Gehienezko abiadurari gero eta kasu handiago egiten diote gidariek Getxo udalerrian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mar. 12a, 18:30

Getxoko Udal Gobernuak jakinarazi duenez, 2005ean udal radarrak kontrolatutako 77.473 ibilgailuetatik soilik 1.689 autok gainditu zuten gehiegizko abiadura. Hots, gidarien %2,2k baino ez zuen legezko abiaduraren gainetik gidatu. Gainera, datu horiek 2004koak hobetu dituzte, ehunekotan zein kopuru totaletan ere. Orain dela 2 urte 68.239 autoen segimendua egin zuen radarrak eta 1.822 auto (%2,7) harrapatu zituen legezko abiaduratik kanpo. Kasu guztietan, Udaltzaingoak abiadura gainditzeagatik isuna ezartzeko espediente bana ireki zuen.

Trafikoko arau-hauste hori gehien errepikatu zen lekua Asuako errepideko eta Negubide kaleko bidegurutzea izan zen. Ondoren, Makaletako etorbidea, Asuako errepideak Errekagane eta Makaletako etorbidearekin bat egiten duen gurutza-gunea eta Zugatzarteko etorbidea Triangeluaren aldera izan dira autoek abiadura bizian igaro dituzten lekuak.

"Zigor ekimenak eraginkorragoak izaten dira"

Getxoko Udalak nabarmendu du 2004an arazo gehien egon ziren guneetan 2005ean abiadura bizian harrapatutako autoen kopurua jaitsi egin zela 2005ean. Hori gertatu zen Santa Marina Haitz kalean, hainbat ikastetxetik hurbil. “Azken kale hori izan ezik, zirkulazio arina normalean foru errepideetan izaten da, auzoen arteko errepideetan edo Getxoko sarreretan eta horrek argi uzten du etorkizunean non egin behar dugun lan, gehiegizko abiadurak murrizten dituzten kontrol gehiago jarriz eta hirigintza-ekintzak eginez” esan zuen Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak.

Era berean, Zarraoak urte hauetan jarritako isunak defendatu zituen: “batzuetan nahiz eta hirigintza-neurriak indarrean jarri ez da helburua lortzen eta horregatik hirigintza-planteamenduak baino, kontrol eta zigor ekimenak eraginkorragoak izaten dira”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun