Furgo Bira aurkezteko Duinak erabilitako oharra:
Prentsaurreko honen bitartez, azken hilabeteetan aurrera eraman dugun prozesuaren nondik norakoak azaltzea eta Martxoaren 6tik 16ra burutuko dugun Furgo Biraren berri ematea nahiko genuke:
Lau urte igaro dira Duina ikasle koordinadora izatetik gazte koordinadora bat izatera jauzia eman genuenetik. Urte hauetan aurrerapausuak nabariak izan dira: herrietako eragile ezberdinak sortu ditugu, baterajotzeak antolatu ditugu, prekarietatearen arazoa jendarteratu dugu, ETTak itxi ditugu... eta era berean prekarietatearen aurkako mugimendu sendo bat osatzeko oinarriak jarri ditugula uste dugu. Honekin batera, badira hainbat erakunde, plataforma, eragile... prekarietateari aurre egin eta beraien oinarrizko eskubideen defentsan dabiltzatenak.
Guzti hau kontutan hartuta, eta kapitalismoak inoiz baino indar handiagoa daukan honetan, beharrezkoa ikusten genuen gazteon bizi baldintza sozioekonomikioen aldeko borrokan jauzi berri bat ematearen beharra.
Gure proposamena argia da: sentsibilitate eta pentsamendu ezberdinetako gazteak oinarri konkretu baten inguruan bildu eta guztiok prekarietatearen aurkako gazte mugimenduan murgiltzea. Horretarako, jada zaharkitua zegoen Taula Porgramatikoaren berrikuntza abiatu dugu.
Azkenengo hilabeteotan horretan ibili gara. Herri ezberdinetan batzarrak antolatu ditugu gure proposamenaren berri emateko eta Taula guztion artean eztabaidatu eta adosteko. Gazte ugari hurbildu zaizkigu batzarretara eta guztion artean gure oinarrizko eskubideetan oinarritutako eskaera minimoen taula, Taula Programatikoa hain zuzen ere, adostu eta osatu dugu. Honekin batera, Euskal Herri osoan eragile berriak sortu ditugu, jauzi organizatibo berri bat burutuz.
Taula hau sortu berri dugun prekarietatearen aurkako mugimenduaren oinarri ideologikoa izango da. Prekarietatearekin amaitzeko neurri konkretu batzuk baino askoz gehiago barneratzen dituena, herrietan sortuko ditugun borroken eta dinamiken abiapuntua eta ardatza izango dira.
Prekarietatea bere osotasunean borrokatzeko konpromezua hartzen dugu. Bere aurpegi ezberdinak borrokatzeko konpromezua hartzen dugu: Lan Munduan sufritzen dugun azpikontratazioa eta behin-behinekotasuna, Praktika duinen aldeko borroka, Etxebizitza eskubidearen aldeko borroka (Alokairu Publikoko Etxebizitzak eta etxe hutsen erabilpena bultzatuz, okupazioa...), Zerbitzuen pribatizazioen aurka, prestazio duinen aldeko borroka, lan istripuen kontrako borroka, Euskal Herrian lan egiteko eskubidearen alde.
Hauek dira prekarietatearen aurpegi ezberdinak eta hauekin amaitzeko neurri zehatzak planteatzeaz gain , hauek borrokatzeko determinazio osoa daukagu.
Honekin lotuta eta prozesu guzti honen amaiera irudikatzeko, Euskal Herri osoa zeharkatuko duen ekimen erraldoi bat antolatu dugu. Taula Programatikoaren berrikuntzan parte hartu duten herriak zeharkatuko dituen Furgoneta Bira antolatu dugu. Herrietako eragileak aurkezteko, hauen dinamikei bultzada bat emateko eta borroka txiki guzti hauek prekarietatearen aurkako borrokaren txapel azpian kokatzeko erabiliko duguna.
Herriz herri joango gara Martxoaren 6tik 16ra prekarietatearen aurkako Furgo Bira honekin eta herri bakoitzean egitarau ezberdinak antolatu dituzte ekimen, mobilizazio, hiztaldi etabarrez beteak.
Bira honek bere sinboloa edukiko du. Lan duina eta etxebizitza eskubidearen aldeko borrokak uztartzen dituena: igeltsera laranja hain zuzen ere. Igeltsera honetan herri bakoitzak prekarietatearen aurkako gazte mugimendua eraikitzeko beharrezkoak diren osagaiak barneratuko ditu eta azkenengo egunean mugimendu honen sorrera irudikatuko dudu.
Ibilibidea
* Martxoak 6an: Donostia
* Martxoak 7an: Zumarraga eta Billabona
* Martxoak 8an: Legorreta eta Hernani
* Martxoak 9an: Oiartzun eta Irun
* Martxoak 10ean: Iruñerria
* Martxoak 11an: Lesaka eta Garazi
* Martxoak 12an: Lea Artibai
* Martxoak 13an: Ezkerraldea
* Martxoak 14an: Bilbo eta Itzubaltzeta / Erromo
* Martxoak 15an: Iurreta
* Martxoak 16: Gasteiz
Beraz, deialdi berezia egiten diogu Duina Gazte Koordinadoratik euskal gazteriari Bira honetan parte hartzeko eta prekarietaearen aurkako gazte mugimendua sendotzeko. Honakoa lehenengo pausu bat baino ez da baina eguneroko konpromezuaz eta borrokaz lortuko dugu gure oinarrizko ekubideen jabe egin eta etorkizun duin bat eskuetan hartzea.
Prekarietateari aurre eginez, bizitza duina eraiki!