Hainbat gora behera direla medio, aurrikusitako data baino bi urte t'erdi beranduago amaitu dituzte eraikitzen Visesak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko sozietate publikoak Erandion sustatutako babes ofizialeko 112 etxebizitzak. Besteak beste, lanak agindu zizkioten lehenengo enpresarekin zeukaten kontratua bertan behera utzi behar izan zuten eta FCC izan da, azkenean, etxebizitzak amaitu dituena. Joan den asteazkenean ere hainbat auzotarren kexak entzun behar izan zituen, hitza hartu bezain laster, Madrazok. EAEn garatzen ari den etxebizitzaren gaineko politikarekin ez daudela ados jakinarazi zioten sailburuari. Hala ere, aipatu 112 pisuak "eraikuntza aldetik, sustapen pribatukoak beste kalitate edo gehiago" badutela adierazi zuen. "Cadem erakundeak ematen duen Energia Aurrespen Agiria ere jaso dute, C kalifikazioarekin", gaineratu zuen, "energia hobeto aprobetxatzeko", berogailu eta ur berorako etxe bakoitzak gas natural galgara daukala azalduz.
Ezaugarriak:
Eraikitako etxebizitzetatik, 42k bi logela dituzte, 69k hiru logela eta bakarrak logela bat. Etxe guztiek sukaldea, jantoki-egongela eta bainugela dute, hala nola, trasteleku eta garaje atxiki bana. Horien azalera 51,65 eta 80,82 metro koadro bitartekoa da eta 112 etxebizitzetatik hiru pisu mugikortasun arazoak duten pertsonentzat daude egokituta. Batez besteko salmenta prezioa 63.500 eurokoa da. Horretaz gain, salmentan jartzeko beste 30 aparkatzeko toki egingo dituzte, "Erandiok bizi duen aparkaleku gabezia arintzeko asmoz", Madrazoren arabera.