Babes zabala jaso du Leioan Bai eskolak euskalduntzeari! kanpainak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mar. 14a, 20:44

Bai eskolak euskalduntzeari! ekimena aurkeztu zuten joan den larunbatean (martxoak 11), Leioan. Ekimen horren bidez Euskal Herri osoan sinadurak ari dira biltzen "euskararen ofizialtasuna aitortu eta gauzatzeko, egun euskalduntzea bermatzen ez duten hizkuntza ereduen politikak gainditu eta berriak definitzeko prozesuak irekiz, beharrezkoa den aldaketa oso baten bidean urrats gisa aldarrikatzeko", ekimeneko kideek adierazi zutenez. Leioan ere herriko hainbat eragile batu dira horren aldeko lana egiteko: Betiko ikastola, AEK, Mastitxu Udal Euskaltegiko irakasleak (Kontseiluko kideak), EHE, Berbalamiñe euskara taldea eta Ikasle Abertzaleak. Maitza bitartean hainbat ekitaldi antolatu dituzte: martxoaren 20an, astelehena, mahai-inguru saioa bikoitza egongo da; 11:00etan udalerri mailako kanpaina aztertuko dute eta 17:00etan Euskal Herri osokoa. Hurrengo egunetan, berriz, auzo guztietara zabalduko dituzte sinadura mahaiak: martxoaren 25ean, Lamiakon; apirilaren 1eko Gazte Egunean, Barandiaran institutuan; apirilaren 29an, San Bartolomen; eta maiatzaren 5ean, Arkupe plazan. Bitartean, astelehenetik ostiralera egongo da sinatzeko aukera Lamia AEK euskaltegian.

Era berean, hainbat eta hainbat herritarrek agertu diote kanpainari babesa: Arantzi Sarasola (EHEko eta Berbalamiñeko kidea), Iratxe Marta (Lamia AEK euskaltegiko zuzendaria), Koldo Tellitu (Betiko ikastolako eta Ikastolen Elkarteko-Partaideko lehendakaria), Begoña Galdeano (Betiko ikastolako zuzendaria), Aitzol de Castro (Algortako Bertsolari Eskolako kidea eta udal langilea), Arrate Illaro (bertsolari gaztea), Jose Luis Urain (Mastitxu Udal Euskaltegiko zuzendaria), Iñigo Bilbao (Lamiakoko auzokidea), Alfonso Diez (aktorea), Saioa Eguskizaga (Maia emakumeen futbito taldeko kidea), Aritz Bregel (UK aldizkariko kazetaria eta irakaslea), Ainhoa Correa (institutuko irakaslea), Jaione Atxaga (Berbalamiñe euskara taldekoa), Itziar Sinde (Mastitxu Udal Euskaltegiko zuzendari ohia, LABeko delegatua), Amaia Sierra (Leioako Udaleko langilea, LABeko delegatua), Eider Elkoroarestizabal (Leioa Saski Baloi taldekoa), Asier Fullaondo (EHUko irakaslea), Gabi Elkoro-Arestizabal (Betiko ikastolako batzarkidea), Naia del Moral (Lamiako Maskaradako kidea), Celia Anruejo (Eusko Alkartasuneko kidea)...

Hezkuntza sistema aldatu

Leioako Eskolak Euskaldundu ekimenaren izenean, Arantzi Sarasola EHEko kideak hartu zuen lehendabizi hitza, EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian hezkuntza sistema ezberdinak egotea "egun gure herriak bizi duen zatiketaren isla" dela adierazteko. "Sistema horien artean batek ere ez du umeen euskalduntzea bermatzen eta haietako batzuek ukatu ere egiten diete. Leioan bertan ere gertatzen da hori. Gure inguruan bago euskara ezagutzen ez duen neska-mutil asko", azaldu zuen. Sarasolak emandako datuen arabera, Euskal Herri mailan umeen %38ak baino ez daki euskaraz, hirutik bat beraz, eta "Leioan ziurra dugu ez dutela euskaraz ikasiko Lehen Hezkuntzako A ereduko 1.163 haurrek". Aipatu egoera "eskubide ukapenatzat" jo zuen berak.

Hala ere, kopuruak herriko ikastetxeetan dauden neska-mutilenak baino ez direla argi utzi nahi izan zuen EHEko kideak, Leioatik kanpo ikasten duten umeak egon badaudelako. "Hezkuntza sistemak berak bermatu behar du berezko hizkuntza" eta horretarako "hezkuntza sistema propioa" aldarrikatzen du Leioako Eskolak Euskaldundu ekimenak. EAEn aldaketaren beharraz ohartu dira, Sarasolaren hitzetan, "ez Eusko Jaurlaritza bakarrik, hainbat taldek ere horrela ikusten dute".

Ikastola aitzindari

Leioako Betiko ikastolak eta ikastolen mugimenduak kanpaina bultzatzeko dituzten arrazoiak azaldu zituen, ondoren, Koldo Tellitu aipatu zentruko lehendakariak: "Ikastolok urteetan aldarrikatu dugu ereduak ez direla egokiak. Horietan ez gara zentratu behar". Ereduen garaia "bukatutzat" jo zuen Tellituk, "euskara normalizatzeko politika berri bat eta ikastetxe guztietan horretara bideratutako programak" beharrezkoak direla aldarrikatzearekin batera. Urteetan zehar ildo hau "ikastolek bakarrik" jorratu dutela aipatu zuen Betikoko lehendakariak, baita D ereduak soilik euskalduntzea ez duela bermatzen gaineratu ere. Tellituren hitzetan, "euskara hezkuntza komunitate osoaren hizkuntza izan behar du; ikasgeletan zein zentru osoan". Ondoren, "Euskal Herririk ez dago eta, euskaldunik ez badago" bukatu zuen botatako bertsoa Arrate Illarok.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun