Areeta eta Itzubaltzeta / Erromoko Batasunak bidalitako prentsa-oharra:
Gertakari larriak eta ugariak ematen ari dira Euskal Herriko eskenatoki politikoan. Hala ere, gertatzen ari den hori guztia testuinguru orokor baten baitan ulertu beharra dago eta inola ere ez gertakizun isolatu gisa.
Ezker abertzaleko gizon eta emakumeok urteetan buruturiko borrokari esker, markoaren krisia eta aldaketa politikoaren beharra hedatu da gure gizartean baitan, gure herrietan, auzoetan.
Gehiengo zabal eta anitz batek bizi dogun gatazka politikoa gainditzeko elkarrizketa eta negoziazioaren beharra aldarrikatzen du eta honekin batera, erabakitze eskubidea eta lurraldetasuna ageri dira eztabaida politikoaren erdian konponbide demokratikorako askatu beharreko ezinbesteko korapilo gisa.
Horretaz jabeturik eta irekitzen ari ziren aukera politikoen baitan aurkeztu zuen Anoetan ezker abertzaleak, Batasunaren eskutik, Konponbide Demokratikorako Alternatiba.
Honez gain, beste hainbeste urrats eman ditu ezker abertzaleak konponbiderako bidean; eragile guztiekin harremanak... Ez dira gutxi izan prozesua oztopatu nahi dutenengatik jaso ditugun erasoak eta bidean jarri nahi izan diren trabak. Azken asteetako gertakariak jasotzen ari garen eraso eta prozesu politikoa baldintzatzeko egiten ari diren saioen adierazle besterik ez dira.
Juan Mari Olano Soto del Realen espetxeratu zuten bart, eta ezker abertzaleko 5 kide Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzen ari dira une honetan.
Madril eta parisetik etor daitezkeen eraso berrien aurrean gogor eta tinko erantzun beharrean gaude. Bide errepresiboaren antzutasuna agerian utzi eta berau babesten duten indar politiko guztien salaketa argia egin behar dugu.
Konponbide demokratikorako prozesuaren atarian gaudela diogu, baina hori ez da alderdi politiko gutxi batzuen elitezko prozesu bat. Prozesuak herritarren parte hartze, indarra eta babesa behar du.
Horregatik guztiagatik mobilizatzera deitzen zaituztegu:
Gaur iluntzean 19:30ean konzentrazioak izango dira eskualdeko herri guztietan Askatasunak deituta, Areetan, Xake plazan, Algortan 8etan Telletxen izango delarik.
Eta hurrengo egunetako deialdiak babestera deitzen zaituztegu, gure eskubideen defentsan; errepresiorik ez; konponbide demokratikoaren alde!