Imanol Landa Presidentzia Arloko zinegotziaren ustez, hitzarmenetatik aparte egiten den deialdi publikoak Getxoko Udalak duen Euskara sustatzeko politika erakusten du eta Euskara Biziberritzeko planak euskara udalerriko esparru guztietara zabaltzeko duen helburu estrategikoan kokatu behar da. Diru laguntzak Getxoko elkarteei zuzenduko dira, euren urteko eginkizunak egin ahal izateko.
Deialdian sar daitezkeen egitasmoak
Diru laguntzak euskara bultzatzeko antolatuta dauden ekimenek jaso ahal izango dute, batez ere umeei eta gazteei zuzendutakoek, getxoztarren artean teknologia berrietan euskararen erabilera zabaltzeko asmoa dutenek, Getxoko euskararen ondarea berreskuratzeko eta zaintzeko direnek, euskara hutsean egina dauden argitalpenek eta euskaraz lan egiten duten bertako hedabideek, getxoztarren hizkuntzaren gaitasuna bultzatzen dutenek, eta euskal Literatura eta irakurtzeko zaletasuna bultzatzen dutenek.
Balorazio irizpideak
Bederatzi dira diru laguntzak emateko balorazio irizpideak, nagusienetatik txikienetara: ekimenak euskararen erabilera normalizatzeko izan dezakeen interesa, egitasmoa berritzailea izatea, umeei edo gazteei zuzenduta egotea, ingurunean izan dezakeen eragina, baztertuta egon daitezkeen pertsonen integrazioa zaintzen dutenak eta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko aukera-berdintasuna bermatzen dutenak, besteak beste.
Epeak
Diru laguntzak eskatzeko epea martxoaren 20tik apirilaren 7ra arte egongo da zabalik elkarteentzat. Berriz, euskaltegiek urriaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dituzte getxoztarren hizkuntzaren gaitasuna bultzatzen dituzten jarduerak. Azkenik Euskararen Eguna edo Astea ospatuko duten abenduaren 1a arte edukiko dute zabalik eskaera egiteko epea.
“UK” aldizkaria
Boluntzarreta elkartearekin iaz sinatutako hitzarmenaren harira aurten “UK” aldizkaria argitaratzen duen elkarteak 60.101 euroko laguntza jasoko du Getxoko Udalaren partetik, iazko diru kopuru bera. Imanol Landa Getxoko Udalaren Presidentzia Arloko zinegotziak gogoratu duenez, “UK” aldizkaria “erreferentzia bihurtu da Getxon eta Uribe Kostan, komunikazioaren arloan lan egiten duen neurrian, hau da, beharrezkoa den euskararen presentzia ez daukan eremu batean”.
Ezaguna den euskarazko hamabostekariak 20.000 bat irakurle ditu. Zenbaki bakoitzeko bataz beste 3.800 ale argitaratu eta 2.700 gutunontzietan eta Gexoko hainbat leku publikotan banatzen dituzte, Uribe Kostako beste udalerrietan zabaltzen direnak zenbatu gabe-. Aipaturiko hitzarmenaren bidez, aldizkariaren arduradunek gutxienez Getxori buruzko lau orrialde egiteko konpromisoa hartu dute, baita informazio orokorrean ere Getxok leku garrantzitsua izateko ere. Horrez gain, Udaleko Euskara Zerbitzuari buruzko orrialde osoa ere argitaratzen dute.
Beste hitzarmenak
Oraindik Getxoko Udalak iragarri ez arren, litekeena da hurrengo asteotan Algortako Bertsolari Eskolarekin (ALBE) zein Bizarra Lepoanekin iaz sinaturiko bi urteetarako akordioak berriztatzea. ALBEk 30.000 euro jasoko lituzke bertsolaritzaren zabalkuntza lanak egiteagatik. Bizarra Lepoanek, berriz, 24.737 euro hartuko lituzke Getxo Euskalduntzeko Hitzarmena, Gehi egitasmoa bezala ezagunagoa, kudeatzeagatik. Biek ala biek iazko diru kopuru berbera izango lukete aurten ere.