Getxoko udal liburutegiek euskarazko 7.500 liburu mailegatu zituzten iaz

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mar. 17a, 14:53

Getxoko Kultur Etxearen arabera, Getxoko liburutegi zerbitzuak "emaitza onak" izan zituen 2005. urtean. Udal liburutegiek 66.000 mailegu egin zituzten iaz, haietatik soilik 7.500 bat euskarazko liburuekin egin zituztela, mailegu guztien %11,4 eskasa. Orokorrean, %9,3ko hazkundea egon da aurreko kanpainaren aldean, bertan 61.000 mailegu egon baitziren, baina euskarazko liburuei dagokienez hazkundea askoz apalagoa izan da: %1,9 baino ez da handitu euskarazko liburuen mailegu kopurua. Kultur Etxearen arduradunen aburuz, "gehikuntza honek azkeneko 6 kanpainetan egon den euskarazko mailegua hazteko joera berresten du". Erabiltzaile kopuruari dagokionez, berriz, galera handia izan da azken urtean. Izan ere, 2005ean 149.000 bat lagun hurbildu dira udal liburutegietara edo liburutegiek antolatutako ekimenetara, 2004ko 200.000 kideen ordez. Getxoko Kultur Etxeak positiboki baloratu du kopuru hori batu izana eta Getxoko liburutegiek "publiko finkoa dutela" erakusten duelakoan dago. Argazkian, San Nikolas liburutegia.

2004. urtearen aldean egondako %25eko beherakada hori "erabiltzaileek teknologia berriak geroz eta gehiago erabiltzen dituztelako izan da" Kultur Etxeko arduradunen ustez, izan ere, "hauek beren etxeetatik, beste eragiketa batzuen artean, mailegu eskaerak, berritzeak eta funtsen kontsulta egin ditzakete Euskadiko Liburutegien Sareko webaren bidez".

Ohikoa denez, iaz ere hainbat jarduera eta ekimen burutu ziren liburuaren mundua bultzatzeko helburuz. Horien artean Letren Terrazak (Udako Liburutegiak) eta Liburu Azoka nabarmentzen dira, horiek 2005. urtean 30.000 eta 15.000 lagun inguru erakarri zituzten, hurrenez hurren. Nabarmendu beharreko beste ekitaldi bat Haur eta Gazteentzako Liburu Eguna da, honen helburua gazteenen artean irakurketa sustatzea da parte hartzeko jardueren bidez. Horietara bestelako ekimen batzuk ere gehitzen dira, hala nola Kontularien Kluba, literatura tailerrak, olerki-musika emanaldiak eta eskolako bisitak.

Jarduera hauetaz gain, 2005. urteak Getxoko liburutegietara "Liburu ibiltariak" izeneko zerbitzua ere eskaini zen lehenengo aldiz. Ekimen honi esker herritarrek Getxoko beste liburutegietako liburuak jaso ditzakete udalerriko lau egoitzetako edozeinetan edo, internet bidez eskatuta. Bere aurreneko lehen zazpi hilabeteetan 1.186 liburu bidaiatu dira liburutegi batzuetatik besteetara.

Libururik arrakastatsuenak

Azkenik, balantze honetan liburuak beraiek daude, liburutegien lanaren lehengaia. 2005. urtean zehar gehien eskatu dituzten euskarazko liburuei dagokienez, arrakastatsuena Bernardo Atxagaren "Soinujolearen semea" izan da. Haurren atalean, berriz, txikienek "Kika Supersorgina" aukeratu dute gehien. Gaztelaniazko liburuen artean "El codigo Da Vinci" (Dan Brown), "El verdugo de Dios" (Toti Martinez de Lezea) eta "La sombra del viento" (C. Ruiz Zafon) izan dira eskatuenak. Azkenik, Gonzalo Iribarnegarayren "Tiempos turbulentos" eleberri historikoa tokiko atalean gehien mailegatutako liburua izan da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun