Gorrondatxe elkartean gaur, ostirala, udaberriko askaria izango da arratsaldeko 7etatik aurrera. Ekimen horren bidez, "bilera edo asanblada arrunt baten formalismorik gabe Gorrondatxetik gabiltzanok elkartu eta berba egitea" lortu nahi du kultur elkarteak. Izan ere, "komunikazioa elkarbizitzarako funtsezkoa da eta baita ere lan militantea burutzen dugunon arteko harremanetarako". Era berean, elkarteak berak aitortzen duenez, "gure espazioa zaindu eta dinamizatzeko ahaleginaren baitan, kide eragileen 2006ko kanpainari ezinbesteko bultzada" emateko jardueren artean kokatu dute aipaturiko askaria. Gorrondatxek garrantzitsua deritzo "guztiona denarekiko ekarpen xume honen bitartez nork bere konpromiso pertsonala erakusteari". Horren harira, lokalean egingo diren lan eta hobekuntzen berri eman nahi dute askarian bertan. Azkenik, pasa den urteko udan txosnan lan egin zuen jende guztiari tarte atsegina eskaintzeko asmoa daukate, "bertan lortutako sosei esker ahal izango ditugulako lokalean oinarrizko inbertsioak egin".