Jardueraz beteta dator Itzubaltzeta gaztetxea egunotan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mar. 17a, 19:21
Itzubaltzeta gaztetxeko kideek jakinarazi dutenez egitarau oparoa antolatu dute datozen egunetarako. Esate baterako, bihar bertan, larunbata, afari arabiarra egingo du Itzubaltzetako Gazte Asanbladak, etzi auzolanei ekingo diete eta astelehenean Brasilgo MST mugimenduari buruzko asteari hasiera emango diote "Crianças na luta" argazki erakusketa eta hitzaldi-tailer batekin batera. Aipatu Movimento dos trabalhadores rurais Sem Terra-ren inguruko astea martxoaren 27an bukatuko da, bideo forum batekin. Tartean, datorren asteartean drogen inguruko hitzaldia izango da, Etorkintza drogomenpekotasuna pairatzen duten pertsonekin lan egiten duen elkartearen eskutik.
Egitaraua

Larunbata, martxoak 18: afari arabiarra, Itzubaltzetako Gazte Asanbladak antolatuta. Oraindik badago izena emateko aukera. Bost eurotan jarri dute txartela.

Igandea, martxoak 19: auzolanak gaztetxean goizeko 11etatik aurrera. Lanen helburuak: liburutegia txukundu eta leihoak jarri. Bigarren solairuko leihoak eta zoruko hainbat taula aldatu. Bestalde, arratsaldeko 19:00etatik aurrera ohiko bideo-emanaldia egongo da Gazte Enbataren eskutik.

Astelehena, martxoak 20: MSTren inguruko hitzaldia, tailerra eta martxoaren 27ra arte ikusgai egongo den "Crianças na luta" argazki erakusketaren aurkezpena iluntzeko 19:30etik aurrera.

Asteartea, martxoak 21: drogen inguruko hitzaldia eta mahai-ingurua Etorkintza elkarteko kideen eskutik iluntzeko 20:00etan.

Igandea, martxoak 26: arratsaldeko 19:00etatik aurrera ohiko bideo-emanaldia egongo da Gazte Enbataren eskutik.

Astelehena, martxoak 27: MSTren inguruko astea ixteko bideo foruma arratsaldeko 19:30ean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun