Berdel Eguna ospatuko dute asteazkenean Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mar. 20a, 20:58

Asteazken honetan, martxoak 22, 11:00etatik aurrera, komunitate unibertsitarioaren baitan berdelaren kontsumoa bultzatzeko jardunaldia egingo du Mutrikuko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailarekin batera, EHUko Leioako campuseko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen ondoan dagoen plazan. Kostaldeko herri gipuzkoar horretatik 25 jubilatuko talde bat bertaratuko da, unibertsitateko iturriek jakinarazi dutenez, bi parrillatan erretako zein kontserbatako berdelez egindako pintxoen doako dastaketa prestatzeko. Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzaren standa egongo da eta, bertan, arrain horren promoziorako Loreak Mendian etxeak diseinatutako kamisetak banatuko dira doan. Argazkian, Mutrikuko Berdel Eguneko irudia.

EHUn burutuko den ekitaldia urteroko Berdel Egunaren inguruan antolatzen dituenetako bat da. Aurten, apirilaren batean ospatuko da Berdel Eguna. Ekitaldien helburua arrain horren kontsumoa promozionatzea da; "arrain osasuntsua baina gure sukaldeetan oraintsu arte baztertutakoa", antolatzaileen hitzetan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun