Horretarako, "zeharkako" espazio bat sortu dute, "talde guztion arteko elkarrizketa eta ekintzarako, erdigunean unibertsitateak eta produkzio sektorearen ordezkariak daudela". Triptolemos Fundazioak, besteak beste, honakoak bultzatzen ditu: gizarteak prestakuntza eta informazio hobea izatea elikadura sistemen disponibilitate, segurtasun eta egokitasunaz; ikerketa bultzatzea, horretarako unibertsitatearen, enpresaren eta gizartearen arteko aurrerapenak sustatuz; elkarrizketa erraztea ekoizle, elaboratzaile eta kontsumitzaileen eta administrazio publikoen artean.
Fundazioa patronatu batek gobernatzen du, Federico Mayor Zaragoza Unescoko idazkari nagusi-ohia buru duena. "Patronatuan, bestalde, estatuko elikagaien enpresa nagusietako batzuk eta nekazaritzako elikagaien sektorean puntako ikerketak egiten dituzten zenbait unibertsitate daude. EHU fundazioko hiru kontseiluetako bateko kidea da, Unibertsitateen Kontseilukoa, alegia. Haren helburua da fundazioaren ekintzak dinamizatzea unibertsitatearen arloan", zehaztu dute unibertsitateko arduradunek.
Katalogoan EHUko 19 proiektu
Triptolemosek orain dela gutxi nekazaritzako elikagaien arloan 2006an egindako ikerketen katalogoa aurkeztu du. Bertan biltzen dira Espainiako unibertsitate eta erakundeek egindako ikerketak, "enpresetara hurbiltzeko asmoarekin". CD horretan EHUn egindako 19 ikerketa proiektu jaso dira. "Dokumentuan dauden EAEko erakunde bakar bietatik Euskal Herriko Unibertsitatea da arlo honetan ikerketa gehien egin dituena", nabarmendu dutenez.