Astearte honetan abiatuko da Getxoko Udalak antolatutako kultur arteko astea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mar. 20a, 22:43

Getxoko Udaleko Inmigrazio eta Kultur Arteko Sailak jarduerez beteriko astea antolatu du Kultur Etxearekin batera, astearte honetan (martxoak 21) izango den Arrazakeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren inguruan. “Aniztasunaren alde, bazterketaren kontra” lelopean zine proiekzio eta tailerrak izango dira martxoaren 26ra bitartean. “Elkarrenganako errespetua eta kultura desberdinak elkar bizitzeko beharraren gainean getxoztarrak sentsibilizatzea da helburua, pertsona guztiok eskubide berberak eduki behar dituztelako, joera diskriminatzailerik gerta ez dadin” Iñaki Urkiza Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak adierazi bezala. 2004an antolatu zuten lehenengo aldiz eta urteroko kontua izatea da asmoa, “kulturen arteko bizikidetzak dakarrenaz gogoeta egiteko”. Besteak beste, bihar abiatuko dira tailerrak, 18:00etatik aurrera. Horietan izena emateko, 944 660 130 telefono zenbakira deitu beharko da aurretik.

Egitarauaren atal garrantzitsuetako bat sentsibilizazio alorrean zinemak jokatzen duen paperari buruzkoa izango da. Horretarako, antolatutako proiekzioen ostean solasaldia izango da eta, horietara, etorkinak laguntzen dituzten elkarteak gonbidatuko dituzte.

Proiekzioak

Ikusgai egongo den lehenengo filma “El tren de la memoria” izenburukoa izango da, martxoaren 22an, 19:30ean, Algortako Getxo Antzokiko Zine-kluba zikloan. Marta Arribas eta Ana Perezek zuzendutako dokumentalean, 60ko hamarkadan Europara oparotasunaren bila joan ziren espainiarren lekukotasunak eta artxibo irudiak azaltzen dira.

Bestalde, Zinema Paradiso zikloaren barruan jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin izango diren bi proiekzioak martxoaren 24ean izango dira, 22:00etatik aurrera, Getxo Antzokian. Besteak beste, arabiar jatorriko Ismael Ferroukhi frantziarraren “Le Grand Voyage” luzemetraia egongo da ikusgai. Zuzendariak oztopo handiak gainditu behar izan zituen pelikula egin ahal izateko, momentu horretan Serbian ezarritako etxeratze-agindua, hurbil zegoen Irakeko gerra, Turkiako mezkitetan eszena batzuk grabatzeko izan ziren zailtasun burokratikoak edota Meka inguruan egon ohi den jendetza izugarria zirela eta. Veneziako laialdian lan onenaren saria jaso zuen.

Aurretik, “Amigo no gima” izenburukoa ere ikusi ahal izango da. Iñaki Peñafielek zuzendutako laburmetraia da, Madrileko Lavapies auzoan kokatutzen dena. Bertan belaunaldi, nazionalitate eta kultura desberdinetako pertsonen bizitza ikus daiteke. Filman Txinako urte berriaren etorreraren ospakizuna ere ikusten da. Proiekzioen sarrera 2,80 eurotakoa izango da.

Tailerrak

Zinemaz gain, kulturen arteko topaketarako hiru tailer antolatu dituzte: martxoaren 21ean kultura arabiarra eta musulmanaren ingurukoa, Alrabetah euskal zentru arabiar-libiarraren eskutik; martxoaren 23an Filipinetako dantzak eta jokoak Pagkakaisa elkartearen eskutik eta martxoaren 24ean ijito-ekialdeko dantza Alrabetah-ren eskutik. Tailerrak 18:00etatik 20:00etara izango dira eta izen-ematea doakoa. Hala ere, aurretik egin beharko da 944 660 130 telefono zenbakian.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun