Biharamuneko goizaldean, martxoaren 19an, beste ezezagun batzuek zabor-edukiontzi eta aurrez su emandako zutoin bana jarri jaurti zituzten burdinbidera Iberreko zubitik. Edukiontziak katenaria babesten duen estalkia jo zuenez, korronte elektrikoa eten behar izan zuten eta horrek atzerapenak eragin zituen zerbitzuan. Azkenik, hirugarren istilua Ezkerraldean izan zen: egun horretan bertan, garbitzaile batek beisbol bateak eta makilak zeramatzaten sei lagun ikusi zituen Sestaoko tunelean. 2. linearen bukaeran zegoen unitate batean pintadak egin zituztenak omen dira pertsona horiek.
Segurtasun neurriak
Segurtasun alorrean egin beharreko aldaketak datozen asteetan sartuko dira indarrean. Bereziki asteburuetako gauetan eta goizaldeetan izango dute eragina. Metro Bilbaok txakurrez lagundutako zainketa-patruilak mantenduko ditu, nasetan, trenetan eta pasilloetan istiluak eragozteko. Jagole guztiek sakelako telefonoak eramaten jarraituko dute, behar izanez gero basearekin, aginte-gunearekin eta Ertzaintzarekin harremanetan jartzeko, baita trenak tuneletan daudela ere. Horretaz gain, "Metroko instalazio guztiak erantzukizunez erabiltzeko eta langileak errespetatzeko" eskatu die bidaiariei, "zerbitzuaren kalitateka hobetze aldera".