"Azken aldian terroristen omenez Algortan egiten ari diren ekitaldi eta manifestazioen aurrean", Iñaki Zarraoa alkateak eta Javier Balza Herrizaingo sailburuak agertutako "pasibotasuna" salatu du gaur Marisa Arrue
Getxoko PPko bozeramaileak. Zinegotzi popularrak azaldutakoaren arabera, "otsailaren 10ean manifestazioa baimendu zuen Algortan Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak eta, bertan, Ertzaintzak eskolta emanda egon ziren erradikalak, inortxo ere hura galarazteko ezer egin ez zuela. Hil horren 17an eta 22an ere inguru erradikalak deitutako protestaldiak egon ziren eta, orduan baimenik ez zeukaten arren, udaltzainek zaindu zituzten martxak, inor identifikatu edota atxilotu gabe". Hain zuzen ere, horiek eragoztea eskatuko du PPk. "Horren aurrean ezin gara isilik geratu eta horrela jakinaraziko dugu asteazken honetako (martxoak 22) udal batzordean, talde terroristaren ingurukoen manifestazioak baimenik gabe egiten utz ez ditzaten", aipatu du Arruek. Antza denez, Uribe Kostako ezker abertzaleak "Euskal herritarren erabakia errespetatu!" lelotzat hartuz, otsailaren bigarren asterako deitu zituen ekimenen baitan egindako manifestazioari buruz ari da lehenengo kasuan Getxoko PPko bozeramailea; eta Gotzon Alcalde sopeloztarra eta Leire Etxebarria basauritarraren atxiloketak salatzeko protestari buruz bigarrenean. Hirugarrena egin zenetz, aldiz, konfirmatzerik ez du izan UKBERRI.NETek.