AHTren kontra agertzeko Aralarrera hurbil daitezen eskatu die gazteei Itzubaltzetako Segik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mar. 22a, 14:24

Itzubaltzeta / Erromoko Segi taldeak herri horretako gazteak gonbidatu ditu apirilaren 1n eta 2an Aralar mendilerroan egingo den AHTren kontrako martxan parte hartzera. Gazte erakundeak publiko egin duen testuan azpimarratu du txikizio-egitasmoen aurrean AHTren kontra borrokatzeak duen garrantzia, "ezbairik gabe hauxe delako gure lurra suntsitu nahi duen proiketurik nagusiena gaur egun". Ibilbidea AHTren aurkako Asanbladak antolatu du eta Lakuntza, Ataun, Zaldibia eta Ordizia lotuko ditu bi egunez. Argazkian, Aralar mendilerroa Jaizkibeletik ikusita / Oshkar.

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Aurkako Asanbladaren oharra:

Harririk zailena baino gogorrago eta zekenagoa da klase politikoa. Ustelkeriaren eta "desarrollismoaren" izenean justifikatu nahi da paisaje eta kultur-ondarearen txikizioa. Arazo honi buruz duen ezjakintasuna izugarria da eta egun bizi dugun naturizidio beldurgarriaren eta nortasun-zeinuen ezabaketaren erantzulea da. Iraultza soziala zeregin ezinbestekoa dugu hainbesteko ankerkeria geldiaraziko badugu.

"Gelditu eta pentsatu! AHTrik ez!" lemapean Lakuntza, Ataun, Zaldibia eta Ordizia elkartuko dituen bi eguneko mendi ibilaldi honetan parte hartzera deitzen dugu, ingurumenari nahiz gizarte osoari hainbeste kalte ekarriko liokeen AHT egitasmoarekiko oposizioa adierazteko eta Nafar Korridorea Euskal Y-arekin lotzearen ondorioz Nafarroa eta Gipuzkoan kalteturiko herrietan borroka informatiboa bultzatzeko. Honi dagokionean, jakina da Espainiako Sustapen Ministerioaren planen arabera, Arakil bailara eta Oria haranen artean Ordizian ala Tolosan kokatuko litzatekeela bi sareen arteko lotunea.

Ingurumenerako kaltea

Hain zuzen ere, Abiadura Handiko Trenak Aralar mendian eragingo lituzkeen inpaktuei buruzko txostena argitaratu du AHTren Aurkako Asanbladak joan den urtarrilean, egitasmo horrek ingurumenean eragingo lukeen eraso onartezina kontuan hartuta bertan behera utz dezatela eskatzeko (txostena). Izan ere, AHTren gaia dela eta, Euskal Y-a inposatzea geldiarazteko egiten ari gara ahalegin handiena AHTren aurkako herri mugimendua, baina Nafarroako Korridorearen aferari begira ere jarri beharko dugu, Nafarroako Gobernuak hasi duen AHTren aldeko kanpaina zitalaren aurka lana antolatzeko eta proiektu horrek Aralarren eragingo lituzkeen inpaktu latzak direla medio, hain juxtu, Eusko Jaurlaritzaren eskutik Euskal Y-a eta Nafarroako Korridorearen arteko lotuneari buruz nozitzen ari garen erabateko desinformazioari eta oskurantismoari aurre egiteko.

Horrenbestez, jende guztia ibilaldian parte hartzera animatu nahi dugu, ea horrekin aberastasun natural handiko eremuak eta kultur ondare garrantzitsua gordetzen dituen ingurunean inposatu eta bertako balore naturalak? Hala nola, Lizarrutsiko basoa, Ataungo Domoa edota Ubeizuloko sarbegia, beste adibide askoren artean, eta kulturalak interes ekonomiko eta garapenzale hutsen probetxurako hondatuko lituzkeen proiektu txikitzaile horren aurkako erantzunari elkartzeko topagune bat ematea lortzen dugun . Bide batez, hainbat ingururen edertasunaz gozatzeko eta hurbilean dugun bizilurrak dituen ondasunak hobeto ezagutzeko aukera eskeiniko du ibilaldiak, natur zientzien arloan eta ondare arkeologikoaren azterketan aritzen diren zenbait pertsonak emango dizkiguten azalpen lagungarriei esker. Deialdia zabalik dago sostengua erakutsi nahi duten talde eta elkarteentzat.

Ildo horretan, Ataungo gazte asanbladak asteburu horretako larunbatean AHTren aurkako Burrunba egingo du herriko Gazte Egunaren barnean, eta ibilaldiaren aurretik bi hitzaldi informatibo antolatu dira: bata, Etxarri-Aranatzen, hilaren 23an, arratsaldeko 8etan Kulturgunean; eta bestea, hilaren 31ean, Ataungo San Gregorio auzoan.

Ibilaldiaren egitaraua:

Ibilaldia larunbatean goizeko 10'30etan Lakuntzatik abiatuko da, eta bi etapatan ibili ondoren, Ataunen eta Zaldibian, igandean arratsaldeko 19:00etan Ordiziako plazan amaituko da.

Jendeari parte hartzeko erraztasunak ematearren, etapa osoak egin gabe (eguneko 6 ordu inguru oinez egingo dira) bide zati bat egiteko aukera dagoela jakinarazi nahi dugu, honako leku eta herri kaltetuetan martxarekin elkartuta:

Larunbatean, arratsaldeko 3etan Lizarrustin. Igandean, arratsaldeko 4etan Arkakan CAFen egoitzan (Zaldibia) eta 18:30ean Oiangu parkean (Ordizia). Bestalde, AHTren aurkako elkarretaratzeak egingo dira:

- Larunbatean arratsaldeko 15:00etan Lizarrustin.
- Igandean 17:00etan Zaldibian eta 19:00etan Ordiziako plazan.

Gipuzkoa aldetik ibilaldira joateko autobusa aterako da larunbatean, goizeko 9:40ean Beasaingo Renfe geltokitik (ikus bestalde Eibar, Iruñea eta Gasteiztik Lakuntzara joateko dauden autobusen ordutegiak).

Larunbata

Txangoa Lakuntzatik abiatuko da eta ibilbidearen aurreneko zatian Zaldindegi eta Txortxorreko bazterrak bisitatuko ditugu, Arakil bailaran AHT inoiz gauzatuko balitz Aralar eta Lizarrusti-Altzania mendilerroen hegoaldeko magalen paisajean eta baso garratzitsuetan kalte oso larriak eragingo liratekeela salatzeko.

Lizarrustin atsedenaldia egin ondoren, Aralar mendian barneratuko da ibilaldia, non nabarmendu behar den AHTren Nafarroako Korridorea Euskal Y-arekin Ordizian lotzeko proiektuak 10.300 kilometro egiten dituela Parke Naturalaren barnean; hala ere, ez dirudi naturgune babestua izatea oztopo denik azpiegitura-lan hori gauzatzeko: izan ere, Gipuzkoako Aralar aldea parke naturaltzat aitortzen duen dekretuko azken artikuluak era eskandalagarrian Autopisten, autobien eta errepide laisterren proiektuak eta Trenbide-garraioko azpiegiturak eraiki daitezkeela adierazten duela salatzen dugu, Aralar mendia inguramen-inpaktu handiko ekintza horien aurrean babesgabe utzita. Zehazki, Agautz mendi inguruan ibiliko da martxa, bertan AHTrentzat aurrikusitako tunelak mendiguneko ura biltzen duen lurpeko sare hidrogeologikoari eragingo lizkiokeen kalte gogorrak salatzeko; hurrenez hurren, Ubeizuloko sarbegia, Saastarriko lapiaza, Leizebeltz eta Patatasoogueneko leizea, Armontaitzeko koba eta Aiaiturrietako iturburuak eratzen dituzten fenomeno karstikoak bisitatuko ditugu.

Txangoa Ataungo Aia auzoan arratsaldeko 10:00etan bukatuko da, eta hor autobus batek jasoko gaitu Ataunera eramateko (San Martin auzora), baita inork nahi badu Beasainera itzultzeko ere.

Igandea

Goizeko 10etan Ataungo udaletxearen aurretik abiatuko da ibilaldia (San Martin auzoa) eta Ataungo Domoaren ingurune kaltetura emango ditu lehenengo urratsak. Bertan, Aizkoate eta Intzartzuko haitzen ezaugarri geologiko bereziek sortu duten balio ekologiko eta estetiko handiko gailurreria aipagarria da, baita ingurune oso estimatua dela ere, kultur ondare handikoa, besteak beste hortxe egin baitzituen J.M. Barandiaranek bere lehenbiziko miaketak eta aurkikuntzak, Jentilbaratzako gotorleku zaharrean. Ibilaldiak Troskaetako koba garrantzitsua, Kobazabal eta Koa bisitatuko ditu halaber.

Ibilaldi osoa egin ordez zati bat bakarrik egin nahi duenak honako hauek izango ditu martxarekin arratsaldean elkartzeko hitzorduak:
- 16:00etan Arkakan CAF egoitzan (Zaldibia)
- 17:00etan Zaldibian
- 18'30ean Oiangu Parkean (Ordizia)
- 19:00etan martxari amaiera emateko Ordiziako plazan egingo den kontzentrazioan.

Martxan parte hartuko duten pertsonentzat laguntzako furgoneta bat ibiliko da gauzak eramateko (aldatzeko arropa, lo-zakua, e.a.) eta larunbateko gaua, afaria eta igandeko gosaria Ataungo Gabrielenea aterpe-etxean egingo dira (Ataungo San Martin auzoan dago etxe hori). Egunean zehar mendian mokaduak egiteko janaria norberak ekarri behar du, eta aldatzeko arroparekin batera linterna bat ere eramateko gomendatzen dugu, Armontaitz eta Troskaetako kobak bisitatzeko.

AHTren Aurkako Asanbladak kritika zorrotza egiten dio Aralar eta Ezker Batua indar politikoei Euskal Y-a egitasmoan trazaketa aldaketak egiteko eta Espainiako Sustapen Ministerioak Nafarroako Korridorearen lotunean Altsasutik barrena egin dezan eskatzeko joan den martxoaren 10ean Eusko Legebiltzarrean plazaratu duten ekimenari. Gure ustez, proposamen horrek larriki nahastu egiten ditu AHTren aurkako oposizioaren helburuak, eta trazaketa-aldaerak ez dira inondik inora gatazka honek behar duen konponbidea.

Honi dagokionean, bi alderdi politiko hauei Nafarroan AHTren proiektuaren aurkako jarrera har dezaten eskatzen diegu, izan ere, EAEn Euskal Y-aren kontra agertzen diren artean, onartezinezkoa iruditzen baitzaigu Nafarroan AHTren alde aritzea eta Euskal Y-arekin lotzeko Nafar Gobernuak daraman kanpaina zitalarekin bat egitea. Zaila da benetan kontraesan gehiagotan erortzea. Horrekin batera, azpimarratu nahi dugu AHTren eztabaida ezin daitekeela planteatu eredu sozialaren inguruko eztabaida orokorretik at.

Finean, ezinbestekoa dugu egungo garraio eta gizarte ereduaren eraldaketa sakon baten alde ikuspegi kritikoa zabaltzea, naturguenak defendatzeagatik bakarrik izango balitz ere. Bukatzeko, Altsasutik barrena aipagai den alternatibaren inguruan gerta daitekeen nahaste-borrasteaz ohartarazi behar dugu: izan ere, Espainiako Gobernuaren Azpiegitura Planak Euskal Y-a eta Nafarroako Korridorearen arteko lotura Oria haranean egiteko proiektuari bere horretan eusten dio, eta gainera, proposatzen du Gasteiz-Iruñea tartea Altsasutik barrena abiadura handiko bihurtzea. Hau da, proiektu bikoiztuak pilatzen dira. Ondorioz, Arakil, Larraun, Araitz eta Oria haranen arteako lurraldea, alderik alde, Abiadura Handiko euskal Y/H sarearen mehatxupean dago.

Gauzak horrela, apiriralen 1 eta 2an Aralar mendian egingo den ibilaldian parte hartzeko dei egiten dugu, AHT geldiarazi eta garapenzalekeria errefusatzeko, oinak lurrean jarrita zentzuz ibili nahiago dugulako. Hortaz, zuen parte hartzea espero dugu eta zuen inguruan deialdi honen berri ematea eskertuko dizuegu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun