Bandera urdina eskatu dute Ereaga hondartzarako

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mar. 22a, 21:47

Getxoko Udalak bandera urdina eskatu du Ereaga hondartzarako aurtengo bainu denboraldiari begira, Fernando Burzako Ingurumen zinegotziak gaurko prentsaurrekoan aurreratu duenez; Europako Ingurumen Heziketarako Fundazioak ematen duen ikurra, ingurumenaren kalitate onaren sari gisara. "Herritarren kontzientzia maila berpiztu eta udal agintarien esku-hartzea bultzatzea du helburu, hondartzetako inguruak eta bainurako uren kalitatea zaindu ditzaten", adierazi du udal agintariak. Burzakoren azaldu duenez, "udalerriko hondartzarik garrantzitsuena den Ereagak aukera ugari ditu ikur hori lortzeko eta, beraz, datorren udan Getxo udalerriak bi bandera urdin eduki ahal izango lituzke, Azkorri-Gorrondatxek aurten ere bandera jasotzeko arazorik ez duelako izango, 2005. urtean gertatu bezala". Argazkian, Iñaki Zarraoa alkatea eta Burzako, igaz Azkorri-Gorrondatxek bandera urdina jaso zuenean.

Ingurumen zinegotziak uste du uraren kalitate azterketak ikusita, Ereagarako bandera urdina eskatzeak bat egiten duela Europar Batasuneko arautegiarekin. Gainera, Europak eskatutako beste baldintza batzuk ere bete egiten dira, hala nola, “ingurumen arloko kudeaketa udalerrian hondartzaren garbiketa sistematikorekin, aparkalekuak hondartzatik kanpo, komun egokiak, ezinduentzako sarbideak eta sorospen ekipoak". Ereagan "baldintza guzti horiek betetzen dira”, Burzakoren hitzetan. Ereagari bandera urdina emateko erabakia bainu denboraldia hasi baino egun batzuk lehenago ezagutuko da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun