Getxoko ibilgailuen zarataren gaineko ordenantzak 90 eta 600 euro arteko isunak aurrikusten ditu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mar. 22a, 17:43

Tokiko Gobernu taldeak datorren martxoaren 31n egingo den udal batzan proposatuko du ibilgailuen zarataren gainean "Euskal Herrian den ordenantzarik berriena" onartzea. Gaur eskainitako prentsaurrekoan Fernando Burzako Ingurumen zinegotziak aditzera emandakoaren arabera, "ordenantzak prebentzio izaera dauka eta ez zigortzailea, araua hausten dutenei isuna jaso aurretik akatsak konpontzeko aukera ematen dielako". Burzakok nabarmendu duenez, "Getxoko Udalak aspaldi herrian eragin txarra zuen arazo honi legezko irtenbide bat eman aldera abiatu asmo zuen ekimenaren emaitza da". Arau berria betearaztea Udaltzaingoaren eskuetan egongo da. Aldian behin kontrolak egingo dituzte, alkoholarenak bezalakoak eta ordenantzak onartutakoa errespetatzen ez duten ibilgailuak geldiaraziko dituzte. Horien jabeei 10 eta 15 egunetako epeak eskainiko zaizkie egoera konpontzeko. Epeak agortuta, isunak 90 eta 600 euro artekoak izango dira.

Motorrezko ibilgailuek eta bereziki ziklomotor eta motozikletek eragindako zarata arautzea da ordenantzaren helburua, Burzakok azaldutakoaren arabera, "udalerriko ingurumenean kalte egiten duelako, eta kutsadura gutxitu, hiria zaindu eta bizi kalitatea hobetu nahi delako". Uda hasierarako sar liteke indarrean, alegazioak eta gainontzekoak aurkezteko epe guztiak agortuta. "Getxok Espainiako ibilgailuen parkerik handienetakoa du, gaur egun 45.000 ibilgailu direla guztira, eta horietatik 5.000 inguru ziklomotor eta motozikletak", zehaztu du Ingurumen zinegotziak.

Zaratarik ez

Arau berriaren xedapen nagusienetako bat da debekatuta dagoela motorrak edo ziklomotorrak isilgailurik gabe ibiltzea edo berezko indarra handituta dutela. Halaber, bizi-inguruetan turuta jotzea edo soinu seinaleak egitea ere debeketatua geratuko da, pertsona bat aurretik ez eramateko edo talka egitea ekiditeko izan ezik. Ibilgailuek ezin izango dute beren soinu ekipoaren maila oso altu eraman.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun