Lehiaketa deitu dute "liburujatunentzat" Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mar. 24a, 20:55

Irakurtzea gustatzen zaizu? Bi pertsonarentzako afaria irabaztea gustatuko litzaizuke? Orduan... "liburujatun" bat zara! Leioako Udaleko Kultura Sailak, Udal Liburutegi eta Euskara Zerbitzuaren laguntzarekin, erronka bat proposatu die literatura lanak "irentsi" egiten dituzten guztiei: hogei egunetan, gomendatzen dieten liburua irakurtzea eta bost galderei erantzutea, hain zuzen ere. Galderen erantzunak idatzian bertan aurki tu ahal izango dira eta, liburu bakoitzeko –hiru guztira– gehienez 15 puntu emango dizkiete parte-hartzaileei. Lehiaketa 16 urtetik gorakoentzat izango da eta bi kategoria egongo dira: euskara eta gaztelania. Kategoria bakoitza bestearekiko independientea da, beraz, liburuak desberdinak izan daitezke. Erantzun-orri eredua liburutegian, kultura sailean edo Kultur Leioako web orrialdean eskura daiteke. Apirilaren 21ean emango zaio hasiera "Liburujatun" Irakurketa I. Lehiaketari.

Guztira hiru atal izango ditu lehiaketak: lehenengo atalari dagokionez, apirilaren 21ean jakinaraziko diote parte-hartzaile bakoitzari gomendatutako liburua eta maiatzaren 11ra arte egongo da galderak erantzuteko aukera. Bigarren liburuaren izenburua, berriz, maiatzaren 12an ezagutaraziko dute eta ekainaren 1era arte izango da erantzunak emateko epea. Azkenik, ekainaren 2an hasi eta hilaren 22an bukatuko da lehiaketaren hirugarren fasea. Erantzunak Kultur Leioako liburutegira astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 20:00etara, eraman daitezke edo liburutegia@leioa.net helbidera bidali, datu guztiak jarriz. Ohartarazi dutenez, aukeratutako liburua ez da derrigorrez liburutegian egon behar.

Atal bakoitza bukatutakoan partehartzaileen puntuazioa eta erantzun egokiak liburutegian, Kultur Leioan eta web orrialdean argitaratuko dituzte. Hiru atalen bukaeran puntu guztiak batu eta azken zerrenda kaleratuko dute. Berdinketa gertatzekotan erantzunak jaso diren datak kontutan hartuko dira eta, hala ere mantentzen bada zozketara joko da, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Sariak

Sari banaketa ekainaren 30ean egingo dute, goizeko 12etan Kultur Leioako liburutegian. Gauzak horrela, irabazleak bi pertsonentzako afaria Hotel Artazan, Elkar Megadendetarako 150 eurotako balea jasoko ditu. Bigarrenak, Megadendetarako 100 eurotako balea eta, hirugarrenak, 50 eurotakoa. Horretaz gain, garaikurra egongo da horientzat.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun