Getxoko Udalaren aurkako salaketa artxibatu du EAEko Auzitegi Nagusiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mar. 24a, 22:07

EAEko Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak ez du Getxoko Udalaren 2003ko kudeaketan zigor-hausteren aztarnarik ikusi eta, ondorioz, tokiko popularrek aipatutako urtean ustezko irregulartasun batzuk zirela eta aurkeztutako salaketaren ondorengo diligentzia informatiboak artxibatu egin ditu. Udal iturri getxoztarrek beraiek prentsa ohar bidez gogoratutakoaren arabera, "2005eko urrian Espainiako Ministeritza Fiskalaren Kontu Auzitegiak txostena igorri zion urrian EAEkoari, Getxoko Udalaren 2003ko kudeaketan inolako irregulartasunik edo prebarikazio zantzurik ere ez zuela antzeman adieraziz". Hala ere, joan den azaroaren 22an ustezko irregulartasunengatik salaketa aurkeztu zuen PPk, haien arabera, "horiek EAEko Kontu Auzitegiaren 2003ko txostenean agertzen zirelako". Argazkian, Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramailea, bere alderdiko bi zinegotzik lagunduta, salaketa aurkeztu zuten egunean.

Iñaki Zarraoak alkateak berriro defendatu du EAEko Kontu Auzitegiak 2003an egindako txostena “positiboa" izan zela, zenbait gauza hobetu behar zirela adierazten zuen arren" eta "horretan gaudela” esan du berriro. Getxoko PPri, berriz, “bere akatsa onartzea eta ahal duen moduan, alkatearen eta gobernu taldearen irudia ez bada behintzat, Getxoren izen ona garbitzen saiatzea” eskatu dio. Zarraoak uste du “ezin dela Udala difamatu, horretarako arrazoi edo froga garbiak ez badaude". Ildo horretan, “politika arte gaiztoekin egitea" leporatu die popularrei alkateak. "Politika suntsitzailea, kalumnian eta difamazioan oinarritutakoa, Getxon egiten denari benetako alternatibarik ez izatearen ondorioa”, bere hitzetan.

Gaiaren inguruko berriak:

EAEko Auzitegi Nagusiak txostena eskatzea "izapide hutsa baino ez" da Getxoko Udalaren ustez (2006 Urt 10)

Ustezko irregulartasunak argitzeko eskatu dio Getxoko Udalari EAEko Auzitegi Nagusiak (2006 Urt 10)

Udal gobernua "ahuldu" nahi izatea egotzi dio Getxoko PPri Zarraoak (2005 Aza 21)

Orain bi urte "40 irregulartasun baino gehiago" egitea egotzi dio Udalari Getxoko PPk (2005 Aza 21)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun