Uribe Kostako gazte asanbladen eta gaztetxeen arteko koordinazioari buruz luze mintzatu ziren, "elkarlana eta komunikazioa bultzatzeko beharra" azpimarratuz, eta "koordinadora subjektu bat ez dela, baizik eta Uribe Kostako gazte asanbladen eta gaztetxeen markoa; elkarlana, komunikazioa eta borroka ideologikoa aurrera eramateko". Euren hitzetan, "hori ez du kentzen kanpaina bateratuak egitea". Eskualdeko gazte asanbladen "indarra" ikusirik, hurrengo urterako erronkak aireratu zituzten: irratsaioa, web orria, erresistentzia kutxa... Itzubaltzetan bildutako neska mutilen hitzetan, "argi geratu da Uribe Kostako gazteria gogotsu lan egiten duela gaztetxeen alde. Nahiz eta oztopoak handiak izan gure ametsekin aurrera jarraituko dugu. Beharrezkoak direlako... herri bat, gaztetxe bat".
Gaztetxe Martxa
Antolatutako herri bazkarian sabela bapo bete eta, gero, giro ezin hobean, denon artean inprobisazio antzerkia egin ostean, Gaztetxe Martxaren aurkezpena egin zuten. "Gaztetxeen mezua jendarteratzea –gaztetxeak behar sozial bati erantzuten diotela eta gazteok autogestioaz gauzak lortzen ditugula– eta horien kontrako erasoak gelditzea" dira aipatu ekimenaren helburuak. Martxa apirilaren 30ean igariko da Uribe Kostatik eta, hil horretan aurkeztu dituzte jarraituko duen ibilbidea eta egingo dituzten ekintzak, Sopelan bazkariarekin hasi eta Leioan jai batekin amaituz.