Algorta eta Getxon ere eskatu dute eskolak euskalduntzearen alde sinatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mar. 28a, 17:46

Bai eskolak euskalduntzeari! kanpainaren inguruan, Uribe Kosta eskualdean antolatu diren ekimen desberdinetatik aparte, Algorta, Astrabudua, Berango, Erandio, Getxo, Gorliz, Itzubaltzeta / Erromo, Leioa, Plentzia, Sopela eta Urdulizko hainbat bulego eta lokaletan uneoro egongo da sinadura emateko aukera. Algortari dagokionez, leku hauetan egongo da sinatzeko aukera: Bizarra Lepoan euskara elkarteko egoitza (Karitate kalea, 1), Getxo Bizia herri plataformako bulegoa (Torrene, z/g), Goizean prentsa-denda (Telletxe, 13), Kea tabakodenda (Telletxe, 7) eta Lauaxeta AEK euskaltegia (Iparbide, 6). Eta Getxon, Algortakoaren izen bereko prentsa dendan (Orduña Mendatea, 1). Horretaz gain, sinadura mahaia jarriko dugu, 12:00etatik 14:00etara, Telletxen, apirilaren 1, 8, 23 eta 30ean eta maiatzaren 6, 13 eta 20an. Aste egunetan informazio panelak egongo dira Telletxen bertan. Sinadura bilketari maiatza bukaeran amaiera emango zaion arren, apirilaren 7ra arte dago epea kanpainaren lehenengo balorazioa egiteko. Gurean baietz eskatutakoak baino askoz gehiago lortu! Argazkian, hainbat eragilek joan den larunbatean, martxoak 25, egin zuten agerraldia.

EAEn, Nafarroa Garaian eta Ipar Euskal Herrian hezkuntza sistema ezberdinak egotea egun gure herriak bizi duen zatiketaren isla da. Hori gutxi balitz, sistema horien artean batek ere ez du umeen euskalduntzea bermatzen eta haietako batzuek, gainera, ukatu egiten diete. Getxo udalerrian bertan ere gertatzen da hori. Gure inguruan badago euskaraz ez dakien neska-mutil asko. Euskal Herri mailan 3 ikasletik 2 ez da eskola bidez euskalduntzen; beraz, ikasleen % 38 euskaldunduko da soilik. Milaka haur eta gazteri urratzen zaie euskara jakiteko eskubidea eta honek euskararen geroa bera ere kolokan jartzen du. Getxon gauza ziurra da ez direla euskaldunduko, hezkuntza ez unibertsitarioan dabiltzan 8.065 ikasleetatik A ereduan dauden 3.135 neska-mutilak. Eta B ereduko 1.510 haur eta gazteak ere seguruenez ez dira euskaldunduko. Herritik kanpo ikasten dutenak kontutan hartu gabe noski.

Euskalduntzeko aukera duten ikasleak %42,41 baino ez dira. Eusko Jaurlaritzak berak, 1998an hizkuntza ereduen inguruan agertutako iritzia aipagarria da (Ik. “Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia”, 1998, Eusko Jaurlaritza). Honela dio:

(…) A ereduan ikasten duten haurrek, bestalde, oso maila apala dute ulermenean, apalagoa idazteko eta hitz egiteko. Ez dute legeak finkatzen duen “nahikotasun” mailarik lortzen. B eredu “bigunean” ere hutsune nabarmenak agertzen dira: nahasketak fonologian, lexikoan eta joskeran, hiztegi mugatua, esaldiak osatzeko zailtasuna eta abar.

Heziketa Goi Zikloak (18-20 urte) kontuan hartu gabe, hamazortzi urtean 4.175 ikaslek euskaldundu gabe amaituko dituzte euren ikasketak seguruenik. Hau da, ia 232 neska-mutil urtero.

Gainera, ikasle horietako askok beren ikasketak eta bizitza euskaraz garatzeko zailtasunak izango dituzte, alde batetik, euskaraz normaltasunez aritzeko zailtasunak dituztelako, eta bestetik unibertsitatean euskarazko eskaintza murritza delako. Bestalde, Heziketa Zikloak Getxon zentro batean baino ez dira D ereduan ematen, Fadura institutuan hain zuzen ere: 22 ikasle, guztira udalerrian 492 matrikulatu direnean lehen Lanbide Heziketa zeritzon mailan.

Bat egin eta sina ezazu!

Egoera honen aurrean, Euskal Herriko hainbat eragilek “Bai eskolak euskalduntzeari!” sinadura kanpaina erraldoia jarri dugu abian, maiatzaren bukaera bitartean. Hauek dira gure aldarrikapenak:

- Euskara jakiteko eskubidea herritar orori bermatzea Euskal Herri osoan. Eskolak haur eta gazte guztiak euskaldundu behar ditu.
- Euskaraz ikasteko eskubidea ere bermatua izan dadila. Egun, eremu askotan euskaraz ikasteko oztopoak handiak baitira.

Honengatik guztiagatik, arlo honetan ardura duten Gobernuko erakundeei zera eskatzen diegu:

- Euskararen ofizialtasuna aitortzea eta gauzatzea. Euskalduntzea bermatzen ez duten politikak gainditzea eta politika berriak zehaztea, euskalduntze osoa lortzeko.
- Euskarazko irakaskuntzaren kontrako neurriak etetea eta euskaraz ikasteko eskubidea bera osoki bermatzea.

Guztira 100.000 sinadura batzea da helburua, baina ziur gaude askoz gehiago lortuko ditugula. Eta gure asmoa ekimen legegilerik bultzatzea ez den arren, Gasteizko Legebiltzarra, Nafarroako Gobernua, Frantziako Hezkuntza Ministerioa eta nazioarteko hainbat erakunderen aurrean aurkeztuko dira sinadurak, hezkuntza sistema propioa behar dugula aldarrikatzeko. Izan ere, hezkuntza sistemak berak bermatu behar du berezko hizkuntza.

Bat egin eta sina ezazu!
Milaka herritarren eskaera ezinbestekoa delako.

Euskal Herri mailan, Kontseilua, Euskal Konfederazioa, AEK, IKA, Euskal Herrian Euskaraz, UEU, Topagunea, Sortzen-Ikasbatuaz, Ikas, Euskal Irratiak, LAB, Ikasle Abertzaleak eta Euskal Herriak Bere Eskola eragileak bultzatzen ari dira Bai eskolak euskalduntzeari kanpaina. Algorta eta Getxon, Koska irratia, UK aldizkaria, UKBERRI Uribe Kostako Komunikabide Euskaldunak elkartea, Bizarra Lepoan euskara elkartea, Algortako Bertsolari Eskola (ALBE), Getxo Bizia herri plataforma, Aixerrota institutua eta San Nikolas ikastolako kideak batu dira gurera.

Eskolak Euskaldundu ekimean
Algorta eta Getxo
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun