Greba egingo dute bihar EHUko irakasleek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mar. 28a, 19:11

Sindikatu guztiek deituta greba izango da bihar, martxoak 29, EHUn. Euskal Herriko Unibertsitateko 4.700 irakasleen soldata "duintzeko" eta soldata osagarri gehigarriak arautzeko prestatzen ari diren dekretua bertan behera uzteko eskatu dute sindikatu guztiek. Horien ustez "greba erabatekoa" izango da. Horrez gain, EHUren 25 urteko historian lehen aldiz sindikatu guztiek bat egin izana nabarmendu dute. Errektoretzak, ordea, "errakuntzatzat" jo du greba, "konponbide batzuk atzeratu eta lorpen batzuk kolokan jarriko dituelako".

Euskal Herriko Unibertsitateko sindikatu guztiek grebarako deialdi bateratua egin dute martxoaren 29rako, irakasleen soldata igoera eskatzeko. Biharko greba egunaren xedea soldaten igoera aztertzeko Eusko Jaurlaritzarekin negoziazioak abiatzea da. Helburua EHUko irakasleen soldatak euskal administrazioko gainerako langileenekin parekatzea da, aho batez, CCOO, CSIF, EILAS, UGT, LAB eta ELA sindikatuek adierazi dutenez. Irakasle guztiak daude deituta; 4.700 behargin orotara. Lehen aldia da sindikatuek negoziazio sindikala eta "soldata duinak" eskatzeko deialdi bateratua egiten dutela.

Azaldu dutenez, "ordainsarien negoziazioari eta onartzean dagoen dekretuari erantzuteko unea dela uste dugu, egoera onartezina delako". Grebarekin "egoera bere onera" etortzea nahi dute. Dena den, arazoa konpondu ezean, mobilizazio gehiago egingo dituztela aurreratu dute.

Errektoretza, kontra

EHUko Errektoretzak, berriz, irakasleen osagarri gehigarrien dekretua ikertzaileen eta irakasleen ordaindariak garatzeko lehen urratsa besterik ez dela esan du grebaren arrazoiei buruz. Eta gai horri buruzko beste bi dekretu gehiago izango direla. "Hiru dekretuok irakasleen eta ikertzaileen soldatak duintzea ekarriko dute. Haien bitartez modua egongo da irakasleen merezimenduak baloratzeko eta haien araberako pizgarriak ordaintzeko".

Irakurri EHUko Errektoretzaren oharra (pdf) grebaren inguruan hemen klik eginez.

Gaiaren inguruko berriak:

EHUko biharko greba "erabatekoa" izango dela uste dute sindikatuek (Berria, 2006 Mar 28)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun