Eskolak belaunaldi berrien euskalduntzean bete beharreko paperaz mintzatuko dira bihar Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mar. 28a, 20:27

Biharko, martxoak 29, mahai-ingurua antolatu du "Leioan ere. Bai eskolak euskalduntzeari!" herri ekimenak. Aipatu ekitaldia 19.30ean hasiko da, Mastitxu udal euskaltegiko areto nagusian. Bertan, euskaltegiko zuzendari Jose Luis Uriainen moderatzaile-lanen gidaritzapean, Kontseiluko kide bat, Ikastolen Elkartea-Partaideko Koldo Tellitu, Euskal Herriak Bere Eskola ekimeneko Arantza Larrañaga eta Euskal Herrian Euskarazeko Mikel Irastorza eskolak belaunaldi berrien euskalduntzeari begira egun betetzen duen paperaz eta etorkizunean bete beharko lukeenaz solastatuko dira. Argazkian, Leioan ere. Bai eskolak euskalduntzeari! herri ekimenak martxoaren 11an egin zuen agerraldia.

Mahai-ingurua Leioako EHEk, Betiko ikastolak, Berbalamiñe euskara taldeak, Lamia AEK euskaltegiak, Mastitxu udal euskaltegiko irakasleek eta Ikasle Abertzaleak elkarteak eskolak euskalduntzearen aldeko kanpainaren barruan antolatu dituzten ekimenen barruan kokatzen da. Aipatu taldeak mila sinadura baino gehiago biltzeko ahalegina ari dira egiten Leioako herritarren artean, “Euskal Herrian hezkuntza eta hizkuntza arloko eskumenak dituzten instituzioei eta bereziki Eusko Jaurlaritza, Nafarroako eta Frantziako Gobernuei, eskola bidez belaunaldi berrien euskalduntze osoa bermatzeko neurri zehatzak” har ditzaten eskatzeko. Sinadura bilketa masibo honen bidez “euskararen ofizialtasuna aitortu eta gauzatzea, egun euskalduntzea bermatzen ez duten hizkuntza ereduen politikak gainditu eta berriak definitzeko prozesuak irekiz, beharrezkoa den aldaketa oso baten bidean urrats gisa” aldarrikatu nahi dute kanpainaren antolatzaileek.

Atxikimendu ugari

Honez gero, herriko hainbat lagun ezagunen atxikimendua eskuratu dute kanpainaren bultzatzaileek. Besteak beste, Begoña Galdeano, Koldo Tellitu eta Gabi Elkoro-Arestizabal Betiko Ikastolakoak, Aitzol de Castro eta Arrate Illaro bertsolari gazteak eta Algorta Bertso Eskolakoak, Iñigo Bilbao eta Celia Antruejo herritar ezagunak, Alfonso Diez aktorea, Iratxe Marta Lamia AEK euskaltegiko zuzendaria, Aritz Bregel "UK" aldizkariko kazetaria, Ainhoa Correa Instituto-irakaslea; Jaione Atxaga Berbalamiñe euskara taldekoa, Juan Luis Uriaian, Itziar Sinde eta Josu Esnaola Mastitxu udal euskaltegiko zuzendari eta irakasleak, Arantzi Sarasola EHE eta Berbalamiñe taldeetakoa, Naia del Moral Lamiako Maskarada taldekoa, Asier Fullaondo EHUko irakaslea eta Eider Elkoroaristizabal Leioa Saskibaloi taldekoa.

Leioan ere. Bai eskolak euskalduntzeari!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun