Beste aldetik, larunbat honetan (apirilak 1) hainbat eragilek deitutako “Konponbide garaia da. Euskal Herria. Erabakia. Adostasuna” leloko manifestazioan parte hartzeko deia egiten dugu. Egun Euskal Herriak bizi duen gatazka gainditzeko urrats positibo gisa ulertzen dugu Bilboko martxa. Are gehiago antolatzaileek “guztioi, eskubide guztiak” bermatzea eskatzen dutenean. Manifestazioa 17:30ean irtengo da Aita Donostia plazatik.
Hizkuntza Eskubideen Eguna
Azkenik, asteburuari amaiera emateko igande honetan (apirilak 2) Santurtzin ospatuko den Hizkuntza Eskubideen Egunean “euskaldun guztioi, Euskal Herri osoan hizkuntza eskubide berberak dagozkigula” aldarrikatzen laguntzea eskatzen diogu euskaltzale orori. Eguna goizeko 11etan hasiko da Hizkuntza Eskubideen Aldeko III. Nazio Bilkurarekin. Ordu berean, euskalgintzaren bozgorailua izango den Euskaraz Bizi Gunea zabalduko da. Bertan, euskalgintzaren materiala eta egitasmoez gain, hainbat erakusketa izango dira ikusgai. Era berean, gune honetan haurrentzat jolasak, tailerrak eta gaztelu puzgarriak egongo dira. 13etan Udaletxeko plazatik abiatuta, “Hizkuntza eskubideen defentsa guztion esku dago” lelopeko manifestazioa izango da. Herri bazkaria 14:30ean izango da karpa nagusian. Arratsaldeko 16.00etan haurrentzat jolasak egingo dira Euskaraz Bizi Gunean, oinezkoen esparruan. Ene Bada taldeak girotuko duen dantzaldiarekin emango zaio amaiera egunari.
Itzubaltzetako EHE
e-posta: itzubaltzetakoehe@euskalerria.org