Garabi zerbitzua indartuko du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mar. 30a, 19:27

Getxoko Udalak lehiaketa deitu du ibilgailuak garabiarekin erretiratzeko zerbitzua bi urtez 2 (4ra luza daitezke) emateko..”Hiri handietan ematen den zerbitzua da eta bi helburu ditu: zirkulazio arazoak arintzea eta, batez ere, prebentzioa. Zentzu honetan, garabiak udalerriko kaleetan presentzia handiagoa edukitzea lortu behar dugu”, zehaztu du Iñaki Zarraoa alkateak. Zerbitzuaren kostea 460.000 eurokoa izango da bi urte horietan eta bi garabik jardungo dute: bata, eguneko 24 ordutan ibiliko da kaletik, 8:00etatik 22:00etara, eta 22:00etatik 8:00ak artean, deia jasotzen duen bakoitzean egingo du bere lana: "gehienez, deia jaso eta handik 30 minutuko tartean", udal agintariak zehaztu duenez. Bigarrenaren lana mugatuagoa izango da, laguntza emateko izango baita. Astelehenetik larunbatera ibiliko da, 9:00etatik 12:00etara. Astelehenetik igandera bitartean, berriz, 17:00etatik 20:00etara. Eta ostiraletan, larunbatetan eta jaiegun bezperatan, 23:00etatik goizeko hiruak arte.

Garabi zerbitzuko langileek argazki kamera digitala eramatea ere eskatuko du Getxoko Udalak. “Autoak hartzerakoan zein egoeratan dauden egiaztatu nahi dugu kalteengatik ibilgailuen jabeek egin ditzaketen eskari eta erreklamazioak argitu aldera”, aipatu du Zarraoak.

Irabazi asmorik ez

Iaz garabiak 765 ibilgailu eraman zituen, 2004an 1.496 eraman zituen bitartean. Horri guztiari garabiaren beste jardun asko gehitu behar zaizkio, garabira lotzen ari direla eta autoak udal gordelekura eraman aurretik jabeek hartzen dituztelako. ”Krokadura kobratu egiten da autoa gordelekura eramaten ez badute. Udaltzaingoak garabiari abisua eman eta prozesua hasten den une berean ordaindu beharraren aukera ere aztertzen ari gara. Edozelan ere, zerbitzuaren helburua ez da dirua batzea, herrian zirkulazioa arintzea baizik. Halere, diru-sarrerak eta gastuak orekatzen diren neurrian, hobe”, esan du alkate getxoztarrak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun