Aurtengo Kantuketan Euskal Herriko musikaren adierazle bihurtu den Iker Goenagaren eskutik abiatuko da apirilaren 6an. Algortako Getxo Antzokian 20:00etatik aurrera eskainiko duen saioan "Amorrua" bere azken lanaren kantak aurkeztuko ditu. Horretan tradiziozko doinuak beste erritmo mota batzuekin uztartu ditu trikitilari gazteak, nortasun anitzeko musika unibertsala lortzeko asmotan.
Biharamunean, apirilak 7, erritmo elektronikoek hartuko dute trikitixaren lekukoa. Javi P3Z Orkestrak (Getxo Antzokia, 20:00etan) bere azken proiektua aurkeztuko du, "Sports" diskoa, hain zuzen ere. Ikuskizunak ikus-entzunezkoak, doinu elektronikoak eta DJak biltzen ditu, besteak beste.
Hirugarren kontzertuan saio bikoitzaz gozatu ahal izango dute gazteek Algortako Portu Zaharreko karpan, 20:00etatik aurrera. Batetik, The Uski's taldeak kostaldeko doinu "surferoak" ekarriko ditu. Bestetik, Ken Zazpi, Gernikako boskote ospetsuaren rock eta power-pop erritmoak izango dira protagonista.
Azkenik, amaiera bikaina jarriko dio aurtengo zikloari Juan Carlos Perezek, apirilaren 9an. Algortan eskainiko duen saioan gonbidatu berezia izango du Mutrikuko musikariak: Bernardo Atxaga idazlea, hain zuzen ere. Kontzertua Getxo Antzokian izango da, 20:00etan.
Sarrerak
Apirilaren 6, 7 eta 8ko saioak doakoak dira, baina lehenengo bietarako gonbidapena jaso beharko da Algortako kultur etxean (Villamonte, A-8). Juan Carlos Perezen kontzerturako sarrerak 6 euroko prezioa du (5 euro aurretik erosten bada). Sarrerak Algortako kultur etxean, 944 310 310 eta 944 491 080 telefono zenbakien bidez, BBKren orotarako kutxazainetan eta www.bbk.es web gunean daude salgai.