Horretaz gain, larunbat honetan (apirilak 1), Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Igor Elortza eta Xabier Paia bertsolariak izango dira, arrakasta handiz BECen egindako Euskal Herriko Txapelketako hiru finalista eta Bizkaiko Txapelketako finalista hurbila. Lau bertsolari handi Leioan elkartuta, 20:30etik aurrera, entzutegi zoragarri batean, eta den-dena 5 euroren truke.
Apirilaren 3tik 5era bitartean, berriz, Euskal Zinearen Astea antolatu dute, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako Leioako ikasleei zuzenduta. Besteak beste, hiru egunetan, "Kiriku eta basapiztia", "Kalabaza tripontzia" eta "Oliver Twist" filmak ikusteko aukera izango dute neska-mutilek, 9:30ean hasita. Gainera, Derrigorresko Bigarren Hezkuntzako ikasleek “Nola egin filme baten gidoia” izenburuko hitzaldia ere izango dute, Aitor Arregiren eskutik.
Antzerkia eta erakusketa
Ikastetxeentzako ere bai, apirilaren 7an, "Erreleboa" antzezlana egongo da ikusgai, 11:30ean. Honela dio komedia honen sinopsiak: “1985eko negua. Adiskide bi Algecirasen soldadutzan. Hobeto esanda, ezagun bi. Edo, are hobeto, adiskide egingo diren ezagun bi. Edo elkar ezagutzeko aukerarik ere izango ez duten adiskide bi. Azken buruan, euskaldun bi etxetik kanpo. Bata soldadutza amaitzeko zorian eta bestea, hasi berria. Esperientzia, xalotasuna, adiskidetasuna, bekaizkeria, borroka, leialtasuna, denak batera, denak gau batean. Gau bat Algecirasen. Laguntzaguardian gau hotz batean". Azkenik, "Supertramps-en maketak" animazio zinearen gaineko erakusketa egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 20:00etara, apirilaren 10era bitartean. Ekitaldi guztiak Kultur Leioan izango dira.