"Transfer planta berria irekita, urtean Getxo udalerriko bizilagunek sortzen duten 30.000 sastar tona, eta egunero batzen diren beste 90 tona, Aldundiak finkatzen duen tratamendu gunera eramango dira gaurtik aurrera", azaldu du Iñaki Zarraoa alkateak. Izan ere, "udalerrian gauero batzen diren zaborrak zuzenean zabortegira kamioietan eramatea saihestuz, garraio kosteak murriztuko dira (bidaia gutxiago egin beharko delako), eta kamioiek eragindako kutsadura ere gutxituko da, baita zarata eta sastarren hatsa ere", gaineratu du udal agintariak. Getxoko transfer plantak emango duen zerbitzua nahi duten udalerri guztiek ere erabili ahal izango dute.
Hondakindegia ixteko ekitaldi sinbolikoan, Zarraoa "pozik" agertu da itxieragatik, alkatearen esanetan, “auzotarrek ingurumenarekiko duten ardurari erantzuten dion egitasmoa delako, baldintza egokiak ez baitzituen betetzen, eta udalerria asko hazi delako gune horretako inguruetara iristeraino”.
Transferentzia gunea
Transferentzia guneak hiru plataforma ditu: lehena hondakinak zamatzeko da; bigarren zabalgunean trinkotze ekipoak eta zapaldutako sastarrak gordeko diren edukiontziak daude; eta hirugarren plataformak barruan hartuko du etorkizunean birziklatze gunea, hiritarrek bertako edukiontzi irekietan hondakinak uzteko, ondoren birziklatzeko. Birziklatze gune berriaren lanen kostea ere Europako Batasunak finantzatuko du, diruaren %80a emanez.
Instalazio berrien barruan beste eraikin txiki bat dago etxeko hondakin pozoitsu eta arriskutsuak, hala nola, bateria, olio eta pinturak, batzeko. Birziklatze gunea zabaldutakoan batuko dira gai horiek. Zarraoak aurreratu du zabortegiaren 200.000 metro koadroko azaleraren zati handi bat gainera, herritarrek erabili ahal izango dutela datozen urteetan aisialdi eta jolaserako gune bezala.