Bide publikoan utzitako ibilgailuak kenduko ditu Leioako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko api. 5a, 21:55

Egoera txarrean (kristalak apurtuta, gurpilik gabe...) edo hilabete bat baino gehiago geldirik dauden ibilgailuak kaletik kenduko ditu Leioako Udalak. Karmelo Sainz de la Maza alkateak atzo azaldutakoaren arabera, jabea leioztarra bada, jaso izanaren adierazpen sinatuz gutuna helarazi eta hamabost eguneko epea emango diote autoa erretiratzeko. Kanpotarra bada, berriz, Trafiko Zuzendaritzari jabearen datuak eskatu eta gutun ziurtatua bidaliko diote. Eskutitza jasotzekotan horrek ere hamabost egun izango ditu ibilgailua kentzeko. Bestela, 10 edo 15 autoren zerrenda argitaratuko dute EAEko Aldizkari Ofizialean, hilabete bateko epea emanez eta, denbora horretan zehar, ohartarazpenak jarriko dituzte kotxearen haizetakoan. Guzti hori emaitzik ematen ez badu, hilabetea igarota, homologatutako birziklapen zentrora eraman eta, bertan, 48 ordu emango ditu desegin aurretik. Hori bai, "bide publikoan daudenak bakarrik" ez dituztela kenduko argitu zuen Sainz de la Mazak; "gune pribatuetan daudenak ez". Alkateak emandako datuen arabera, 2005ean 150 ibilgailu erretiratu zituzten, "horietatik 42 jabeek eskatuta". Aurten, martxoaren 31ra bitartean, 40 izan dira guztira. Kalean utzitako ibilgailuak "hiri hondakin solidotzat" jotzen ditu Leioako Udalak.

Behin, autoa desegin ostean, birziklapen zentroak horren berri ematen dio Trafiko Zerbitzuari, "ibilgailua gai kutsakorrak banatzeko plotokoloa behar bezala jarraitu dela adieraziz". Ondoren, Trafiko Zerbitzuak behin betiko ezabatzen du bere datu-basetik ibilgailua. Salbuezpen gisa, ibilgailua kentzea jabe komunitate batek eskatzen duenean, euren barrutian dagoelako, auzideen gehiengoak onartu eta aktan jaso beharko dute. Idatzi horren kopia Udalari helarazi beharko zaio.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun