Salsiduko proiektua garatuko duen enpresari utziko dio azkenean Getxoko Udalak, zerbitzu teknikoek inguruko sarbideen ganean egindako lehenengo txostena aztertzea. “Bi aldeetan egin beharreko irtenbidea litzateke, hau da, kaleko ezkerreko espaloian hasiz eta jarraipena eskuinaldeko espaloitik egin, garajeetarako sarrerak ez oztopatzeko”, azaldu du Zarraoak, bere ustez, “kale horretan trafikoak norabide bakarra izateko joera izatera jo beharko litzatekeelako”.
Algorta auzo "zaila"
Alkateak uste du “Salsidun arrapalak jartzea ekimen ona" izango dela, "Algorta, bere orografia kontuan harturik auzo zaila delako". "Goiko partean, Ereagara joatea Maria Kristinako igogailuarekin konpondu eta Bidezabaleko aldapari ere irtenbidea eman ondoren, etorkizunari begira, beste bi lan gehiago geratuko lirateke: alde batetik, Aiboatik metro geltokirainoko arrapalak eta hortik epaitegietarainokoak eta udaletxerainoakoak; eta bestetik, Portu Zaharrekoak”.
Getxoko Gobernu Batzarrak Algortako Salsidu kaleko arrapala mekanikoen proiektuaren idazketa lehiaketara atera du, gaur goizean emandako prentsaurrekoan, Iñaki Zarraoa alkateak jakinarazi duenez. Ollarretxetik Villamonteko sarrerara arteko arrapalak eraikitzeko proiektuaz gain, lehiaketara aurkezten den enpresak, lanak esleitzeko irizpideak baloratzeko proposamena eta aipatu azpiegitura era egokian mantentzeko ideia ere aurkeztu beharko ditu. Urte honen amaierarako lan horiek lehiaketara atera ahal izatea espero du Udalak. Inguru horretan, Villamonte eta Algortako metro geltoki arteko eskailera mekanikoak eta igogailua egitea litzateke bigarren egitasmoa. Udal agintariak zehaztu duenez, Villamonten aipatu azpiegiturak eraikitzeko proiektuak aurrera segitzen badu –"inguruko auzokideekin hitzarmen bat lortzearen zain dago orain proiektu hori, Zarraoak adierazitakoaren arabera–, Gobernu Taldea Salsiduko arrapalak eraikitzeko diru kopurua ezartzen saiatuko da. Baina ez bada aurrera ateratzen, bere aurrekontua erabiliko da Salsidukoa egiteko. Argazkian, Bidezabalgo arrapala mekanikoak.