Ezbeharra "ordu biak eta hogeita bostean izan zen, gutxi gora behera", mendigoizalearen emazteak jakinarazi duenez. "Bere ondoan nengoela, oreka galtzen ikusi nuen eta, zuhaitz bati heltzen saiatu zen arren, mendian behera joan zen. Hil egin zela pentsatu nuen", azaldu du andreak, une hunkigarri horiek ezin ahaztuz. Taldekideek ere berehala joan ziren J.M.F.M.ri laguntzera eta, hasieran, egoera larriagoa zela uste zuten arren, "lasaitu ederra" hartu zuten eserita zegoela ikusi zutenean.
Orduan, larrialdi zerbitzuekin harremanetan jartzen saiatu ziren taldekideak, baina ez zuten lortu euren telefono mugikorrek estaldurarik ez zeukatelako. "Eskerrak beste txangozale batzuek telefonoa utzi eta Asturias 112 larrialdi zerbitzura deitu ahal izan genuela", adierazi du zaurituaren emazteak. Hala ere, haize handia zegoela eta, helikopteroak ezin izan zuen lurreratu eta oinez jaitsi behar izan ziren medikua eta Asturiaseko Suhiltzaileen erreskate-taldeko kidea. Lehendabiziko ikuskatzearen ostean, esku-oheraino harritza harritza igotzeko indarrak bazituen Itzubaltzeta / Erromoko mendigoizaleak.
Itzubaltzeta / Erromoko Nagusien Etxeko jubilatuek hilean behin mendira egiten duten txangoan, istripua izan zuen herenegun, apirilak 4, Asturiasen, J.M.F.M. 70 urteko gizonak. Beste 30 bat lagunekin batera, Careseko zeharkaldia egiten ari zela, 100 metrotan behera erori zen harritzan barrena mendigoizalea, Los Colladinos izeneko inguruan, Cabralesetik hurbil. Mediku batek eta Asturiaseko Suhiltzaileen erreskate-taldeko kide batek artatu ostean, helikopteroz eraman zuten Ekialdeko Ospitalera (Asturiasen baita) eta bertan ordu batzuk eman behar izan zituen erromotarrak, behaketan egoteko. UKBERRI.NETek jakin duenez, dagoeneko etxean da J.M.F.M. Urratuak eta saihets-hezur bat hautsita baino ez dauka.